Alvaro Núñez sondizkotarrak Bartzelona B taldea utzi du

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 20a, 13:54

Alvaro Núñez futbolari sondizkotarrak iragarri du gizarte-sareetan ez duela Bartzelona B taldean datorren urtean jarraituko. “Urte ahaztezina izan da. Nire ametsik onenetan ere ez nukeen imajinatuko hain talde polita osatuko genuela eta hain momentu ederrak elkarrekin biziko genituela. Besarkada handia eta Visca Barça Atlètic!, esan du Núñezek bere Instagramen kontuan. Futbolariak ez du adierazi non jokatuko duen datorren urtean.

Núñezek gutun irekia idatzi die Bartzelona taldeko zaleei, agur esateko. “Izugarrizko hazkundea izan dut aurten, bai futbolari bezala, bai pertsona bezala. Eta hori nire alboan izan direnei esker lortu ahal izan dut. Ibilbide berriari ekingo diot orain. Heldu nintzenean baino eskarmentu handiagoa dut, helduagoa naiz, eta horregatik eskerrak eman behar dizkizuet. Etxean egon izan banintz bezala sentiarazi nauzue. Klubari ere eman nahi dizkiot eskerrak: batetik, emandako konfiantzarengatik, eta taldean jokatzeko aukera emateagatik; eta bestetik, hurbiltasunarengatik eta hasieratik nire egoera ulertzeagatik. Zorte on bihotz bihotzez”.

Núñezek urtebete eman du talde katalanean. Guztira, gol bat sartu du eta sei asistentzia banatu, 37 partidatan. Jokalari garrantzitsua izan da, baina Bartzelona B taldeak ez du denboraldiaren helburua lortu, Bigarren Mailarako kanporaketan Real Madrilek kanpoan utzi zuelako. Sondikoztarrak 23 urte ditu eta Bartzelonara iaz heldu zen, Bilbao Athletic taldearekin zuen kontratua bukatu zenean. Talde zuri-gorrian kimu kategorian sartu zen eta ibilbidea bertan egin du. 2022an, minutu gehien jokatu zuen jokalaria izan zen Bilbao Athleticen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).