`La mina y la mar´ nazioarteko jaialdian parte hartu du Txuma Olagüe talde koralak

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 21a, 10:23

Ekainaren 10ean eta 17an, “La mina y la mar” nazioarteko talde koralen emanaldia izan zen Langreon, Asturiasen, “Maestro Lozano” La Felguera talde koralak antolatuta. Egitasmoan Portugaleko eta Estatutako talde koralek hartu zuten parte, eta azken horien artean Txuma Olagüe Sondikako talde korala izan zen. Sondikoztarrek ekainaren 17an egin zuten kantaldia.

Paula Pérez Buenoren zuzendaritzapean, La Felguera Antzoki Berriko agertokira 20 abeslari igo ziren: tenoreak, baritonoak eta baxuak. Sondikako talde koralak sei kanta abestu zituen, hala nola Boga Boga eta Ilunabarra. Aretoa jendez gainezka egon zen, eta sondikoztarrek txalo-zaparrada handia jaso zuten publikoarengandik. Txuma Olagüe talde koralaz gainera, sei talde koralek hartu zuten jaialdian parte: Itxartu abesbatza (Bizkaia), Coro Minero de Turón (Asturias), Coral Polifónico "da Cruz" de Santa María da Feira (Portugal), El Madroño (Madril), Matices (Valladolid) eta, antolatzailea, Maestro Lozano talde korala.

Txuma Olagüe talde korala ahots baxuen taldea da eta 50 urte baino gehiago daramatza publikoa liluratzen. Errepertorio zabala dute eta haren baitan daude euskal abesti tradizionalak, habanerak eta erlijio-musika. Talde korala oso eskertuta agertu da jaialdian parte hartu ahal izanagatik, eta eskerrak antolatzaileei ez ezik Sondikako Udalari ere eman nahi dizkiote, emandako giza baliabideengatik eta laguntza ekonomikoagatik.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).