"Muro de Pike" igoera zapatuan izango da

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 22a, 13:02

Tourraren babespean, Sondikako San Joan jaietako antolatzaileek iaz egin zuten lehendabiziko aldiz “Muro de Pike” txirrindularitza igoera. Aurten jarraipena eman diote eta ekainaren 24an, zapatuan, bigarrenez antolatu dute. Txirrindularitza zaletuek Frantziako Tourreko profesionalek uztailaren 1ean egingo duten ibilbidearen zatia egingo dute. Deialdia irekia da eta edozein txirrindularik hartu ahal du parte.

Izena ematea nahitaezkoa izango da eta 10:00etan zenbakiak jaso behar dira karpan. Irteera San Joan landan egingo da 11:00etan, eta handik Pike Ganan gora: Ola auzoa, Txorierriko korridorean gaineko zubibidea, Erdikobaso bihurgunea eta Artxandako errepidea. Guztira kilometro biko ibilbidea: laburra, baina oso gogorra, azken kilometroak % 12ko desnibela baitu. Edozein txirrindulari da ongietorria, edozein adinetakoa, edozein bizikleta erabilita, baina elektrikoak ez dira sailkapenean kontuan hartuko.

Saioa bukatzen denean, bizikletek behera egin dute Sondikara. Jaitsiera neutralizatua izango da, eta antolatzaileek argibideei adi egotea eskatu diete parte-hartzaileei. Sariak 14:00etan banatuko dira karpan. Lehenengo hirurek garaikur bana jasoko dute. Eta domina bana hauek ere lortuko dute: gazteenak, nagusiak, janzkerarik bitxiena janzten duenak eta 11. postuan gelditzen denak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).