Amorebieta taldeak Álvaro Núñez sondikoztarra fitxatu du

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 14a, 12:09

Álvaro Núñez futbolari sondikoztarrak Bigarren Mailan jokatuko du datorren urtean, Amorebieta taldean, hain zuzen ere. Eskuin hegaleko defentsak lehendabiziko aldiz jokatuko du zilarrezko mailan. “Ongi etorri, Alvaro!”, iragarri du Amorebieta taldeak bere webgunean.

“Ez dut presarik, pausoak egiten jarraitu nahi dut elitera hurbiltzeko”, esan zuen lehengo hilabetean As egunkariari emandako elkarrizketan. Beste pausoa egin du, beraz, Álvaro Núñezek. Duela aste batzuk, sondikoztarrak iragarri zuen gizarte sareetan Bartzelona B taldea utziko zuela eta gaur Zornotzako klubak bere fitxaketaren berri eman du. Núñezek beste txorierritar batzuen lekukoa jasoko du talde urdinean. Izan ere, Amorebieta duela urte bi Bigarren Mailan egon zenean, gure bailarako hiru jokalari bertan aritu ziren: Gaizka Larrazabal loiuztarra, Álvaro Peña derioztarra eta Iker Bilbao larrabetzuarra. Amorebieta aurten igo da Bigarren mailara eta taldearen helburua mailari eustea izango da ziur asko.

Núñezek urtebete eman du talde katalanean. Guztira, gol bat sartu du eta sei asistentzia banatu, 37 partidatan. Jokalari garrantzitsua izan da, baina Bartzelona B taldeak ez du denboraldiaren helburua lortu, Bigarren Mailarako kanporaketan Real Madrilek kanpoan utzi zuelako. Sondikoztarrak 23 urte ditu eta Bartzelonara iaz heldu zen, Bilbao Athletic taldearekin zuen kontratua bukatu zenean. Talde zuri-gorrian kimu kategorian sartu zen eta ibilbidea bertan egin du. 2022an, minutu gehien jokatu zuen jokalaria izan zen Bilbao Athleticen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).