Mankomunitateak azaldu duen moduan, zaborra jasotzeko zerbitzua kanpoko enpresa baten bidez ematen da. “Kexa bat jaso dugun bakoitzean, berehala ipini gara enpresa horrekin harremanetan, arazoa konpondu dezan. Enpresak berak aitortu du kamioi zaharrak direla eta, ondorioz, zuloak eta matxurak dituztela, baina horiek antzeman bezain laster konpontzen dituzte”. Era berean, esan dute zabor-kamioiek matxuren ondorioz bide publikora botatzen dutena ez dela “lixibiatu-jarioa, ur-jarioa baizik”. Beste aldetik, jakinarazi dute zerbitzua lizitazio-prozesuan dagoela gaur egun; hortaz espero dute “urte amaierako, edo beranduenez datorren urtearen hasierarako, zabor-kamioi berriak izatea”.