Eguraldia lagun, azaroaren 19an hainbat eta hainbat herritar eta bisitari hurbildu ziren Sondikako Euskal Azokara; aurten azokaren 25. edizioa bete da. Baserriko produktuez eta artisautza-lanez gainera, hainbat ekintza izan ziren goiz osoan azokaren egitarauaren baitan, hala nola kalejira, umeentzako tailerrak eta kaleko antzerkia. Era berean, dantza- eta kantu-poteoa egin zen Gorantzaileak dantza-taldeak, Ipar Elaiak txistu-taldeak eta Txuma Olagüe abesbatzak eta talde koralak girotuta, eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak goiza biribilduko zuen.