Azaldu dutenez, Sondikako Udalak 1.100 metro koadro inguruko lursaila utzi dio Osakidetzari, handitze-lanak egin ditzaten. Horiek amaituta, osasun-zentroak 1.800 metro koadro eraiki izango ditu eta bertan hauek atonduko dira: harrera-gunea, 12 gela mediku- eta erizaintza-kontsultetarako, lau gela pediatriarako, emaginaren kontsulta, fisioterapia-gela, gimnasio bat, bularra emateko gela, larrialdi-gela eta balio anitzeko bi kontsulta, besteak beste, odola ateratzeko eta proba osagarriak egiteko. Langileentzako eremua ere egongo da: egongela, aldagelak, biltegia eta instalazio-gela.
Jakinarazi dutenaren arabera, osasun-zentroa 1993. urtean inauguratu zen eta handik hona % 33 handitu da herritarren kopurua: 4.506 biztanle daude, hain zuzen. “Errealitate horri aurre egiteko, Osakidetzak osasun-zentroa handituko du”.