Sua berriro piztuko dute Sondikan

Aikor aldizkaria 2024ko eka. 17a, 14:45

Gutxi falta da sondikoztarrak San Joan jaiez gozatu daitezen. Jaiak ekainaren 21etik 23ra bitartean izango dira, eta Deñe Sarria kultura-zinegotziak azaldu duenez, herritar guztientzako ekintzak antolatzen ahalegindu dira, jaietako helburua baita sondikoztar guztiek ederto pasatzea. Gainera, nobedadeak egongo dira eta indarra eman zaio elkarteen parte-hartzeari; elkarteek egitaraua prestatzen laguntzen zein ekintzak antolatzen parte hartu dute San Joan jaietan. 

Bariku arratsaldea goiz hasiko da herriko umeentzat, eskolako gurasoen elkarteak puzgarriak eta diskofesta antolatu ditu eta. Ondoren, 19:00etatik aurrera, aurtengo jaietako lehen nobedadeak izango dira. “Kuadrillen igoera antolatu dugu herritik San Joan zelaira, elektrotxaranga batek girotuta. Ostean, pregoia botako dute herriko emakume futbolari aitzindariek, eta kuadrillentzako probak izango dira”. Hanburgesak dastatu ahalko dira 21:00etatik aurrera, eta musika Sutan taldeak eta Ismeder Dj-ak ipiniko dute. Aipatu beharra dago gaueko tren-zerbitzua indartuko dela: Sondikatik 00:26an, 02:26an eta 04:26an aterako da Lezamarantz, eta Lezamatik 0:51ean, 02:51ean eta 05:51ean, Sondikarantz. 

Zapatuan, sukalki txapelketa egongo da, eta “Pikeko harresia” bizikletaz egiteko igoera izango da; igoera hirugarren aldiz egingo da. Igoeran bizikleta-mota guztiak erabilita har daiteke parte; hala ere, elektrikoak ez dira sailkapenean sartuko. Izena ematea CD Sondika taldearen txosnan egin beharko da 09:30etik 10:15era, eta sariak 15:00etan banatuko dira. Bestalde, Ipar Elaiak txistu-taldeak herriko txokoak girotuko ditu, eta tiragoma-txapelketa egingo da. Hiru urtetik 13 urtera bitarteko ume eta gaztetxoek Master Chef txikian ekintzan parte hartzeko aukera izango dute: izena ematea ekainaren 10etik 20ra, 17:00etatik 19:00etara, egin ahalko da Ludoteka Txikian eta Gaztean, edo egunean bertan, 12:00ak arte, Hegalariak taldearen txosnan. 

Sukalkia aurkeztu eta bazkaldu ondoren, mus-txapelketa eta gimnasia erritmikoaren erakustaldia izango dira. “Era berean, beste nobedade bat egongo da: skate-talde berria dugu herrian, Txoriskaters, eta jaietan lehenengo aldiz ibiliko dira; horretarako, skate-tailerra antolatu dute”. Zapatu arratsaldean tortilla-txapelketa egongo da, eta nesken esku-pilota partida, lehen aldiz. Hirukoitzak jaurti ahalko dira Gorondabeko kiroldegian, eta gaueko musika-formatua aldatu da. “Jendeak eskatu du gaueko dj-a lehenago ipintzea, etxera lehenago joaten direnek ere disfrutatu ahal izateko. Bada, horrela egingo da zapatu gauean; hortaz, 22:00etan dj-bat izango dugu, eta gero, erromeria. Hori amaituta, dj-ak berriro ipiniko du musika, beranduago etxeratzen direnentzat”.

Herri-lasterketa antolatu da domeka goizerako. Izena ematea Goiri plazan egin beharko da 10:00etan. Lasterketan 2017ra arte jaiotakoek hartu ahalko dute parte, eta euren adinaren arabera distantzia bat edo bestea egin beharko dute. Ipar Elaiak taldearen txistulariak berriro irtengo dira kalejiran, eta herri-kirolak eta motorren kontzentrazioa egongo dira. Fanfarre batek herriko txokoak girotuko ditu. Aurtengo herri-bazkaria berezia izango da. “Herri-bazkari solidarioa antolatu dugu aurten. Horretarako, bi elkarte batu ditugu: alde batetik, Bisubi sukaldarien fundazioa, eta bestetik, Gregorio Ybarra elkartea, ume gorrei laguntza ematen diena. Bertoko produktuak erabilita eta elkartearen umeen laguntzaz, sukaldariek hurrengo menu hau prestatuko dute 15 euroan: entsalada, marmitakoa eta karolina bat. Batzen den diru guztia Gregorio Ybarra elkartearentzat izango da. Gainera, kopaua eskainiko da bazkaria baino lehen”. 

 

Sua kalejiran

Bazkalostea girotzeko, bingo musikatua eta karaokea izango dira. Halaber, igel-toka solidarioa egongo da, Ataxia de Friedrich gaixotasuna ikertzen laguntzeko, eta Duo Galeak dantzan jarriko ditu Nagusien Etxean batzen direnak. Dantzen alardea ere izango da. Eta gauean, Sondikako San Joan jaietako ekintzarik adierazgarriena egingo da: zuzien kalejira. “Oso ekintza inportantea da guretzat, eta aurten, Astronomia taldeak lagunduko digu ikuskizun batekin. Kalejiran ibiliko gara herri osotik, eta herri osoa San Joan suaren inguruan batuko gara ekintza amaitzeko”. Suaren inguruan abestu ostean, kontzertua egongo da UTT taldearen eskutik, 70eko eta 80ko hamarkadetako euskal musika gogora ekartzeko.

Astelehenean, oraindik ere zer egin eta zertaz gozatu egongo da Sondikan. Iron Team ekintzaren baitan, 8 urtetik 12 urtera bitarteko gaztetxoek bost probari egin beharko diete aurre: igeri egin, bizikleta, patinak, saskibaloia eta korrika egin. Sei lagunek osatutako taldeek izena eman ahalko dute ekainaren 10etik 20ra, 17:00etatik 19:00etara, egin ahalko da Ludoteka Txikian eta Gaztean, edo ekainaren 21etik 23ra, 19:00ak arte, Hegalariak taldearen txosnan. Puzgarriak ere izango dira, meza eta aurreskua, eta fanfarre bat ibiliko da herritik. Kopaua eskainiko da nagusientzat, eta arratsaldean lehiaketen sariak banatuko dira. Aurtengo San Joan jaiak amaitzeko, musika eta azken traka egingo dira.

Ohikoa denez, jai-esparrua San Joan zelaian atonduko da, baina herrian eta kiroldegian ere egingo dira zenbait ekintza. Sarriak aipatu duen moduan, aurten ere etxera lagunduta itzultzeko zerbitzua egongo da. “Zerbitzua 01:30etik 05:00ak arte eskainiko da. Nolanahi ere, 11:00etan stand bat ipiniko da, etxera lagunduta itzuli nahi dutenek izena eman dezaten. Bestalde, arazo sexistei aurre egiteko protokoloa egongo da eta txosnetan jarraitu beharreko pausoak izango dituzte”. Amaitzeko, kultura-zinegotziak iragarri du aurten ez dela jaietako zapirik banatuko. “Aurreko urtean banaketa handia egin genuen eta gure ideia da, eta horrela helarazi diegu herritarrei, zapi horiek berrerabiltzea, baina ez bakarrik San Joan jaietan, herrian antolatzen diren jai guztietan baizik”. 

 

Egitaraua

Ekainak 21, barikua

15:00-17:00 Puzgarriak, IGEren eskutik.

17:00-18:30 Diskofesta, IGEren eskutik.

19:00 Kuadrillen igoera, elektrotxarangak girotua. Hasiera, Lehendakari Agirre kalean.

20:00 Txupina eta pregoia, Sondikako emakume futbolari aitzindarien eskutik.

20:00 Kuadrillentzako probak.

21:00 Hanburgesak dastatzea.

23:00 Kontzertuak: Sutan + Ismeder Dj.

Ekainak 22, zapatua

10:00 Sukalki txapelketan izena ematea, Hegalariak taldearen txosnan.

10:30 “Pikeko harresia” 3. Igoera bizikletaz. Izena ematea, CD Sondika taldearen txosnan 10:15era arte.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

11:30 Tiragoma-txapelketa.

12:30-14:00 Master Chef txikia (3-13 urtekoentzat).

13:00 Apar-festa.

14:30 Sukalkia aurkeztea.

16:00-18:00 Barrakak, merkeago.

16:30 Mus txapelketa, Hegalariak taldeak antolatua. Izena ematea, euren txosnan 16:00etan.

17:00 Gimnasia erritmikoaren erakustaldia, Danak antolatua.

18:00 Skate-tailerra, patinaje-pistan, Txoriskaters elkartearen eskutik.

18:30 Tortilla-txapelketan izena ematea, CD Sondika taldearen txosnan.

19:00 Nesken esku-pilota partida, Gorondabeko frontoian.

19:00 Hirukoitzak jaurtitzea, Gorondabeko kiroldegian.

20:30 Tortillak aurkeztea.

22:00 Markelin Dj + Gautegun (erromeria) + Markelin Dj.

Ekainak 23, domeka

10:30 Herri-lasterketa. Izena ematea, Goiri plazan 10:00etan.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

12:00-14:00 Herri-kirolak.

12:30 El despiste fanfarrea herritik.

13:00 Motorren kontzentrazioa, Mapache elkartearen eskutik.

15:00 Herri-bazkari solidarioa, Gregorio Ybarra elkartearen alde.

16:00 Bingo musikatua + karaokea: Tolín.

17:00 Igel-toka solidarioa, Ataxia de Friedrich gaixotasuna ikertzen laguntzeko. Hegalariak taldeak antolatua.

18:00 Duo Galea, Nagusien Etxean.

19:00 Dantzen alardea, Gorantzaileak dantza-taldearen eskutik.

22:00 Zuziak banatzea, liburutegian.

22:30 Kalejira, Astronomia taldeak girotua.

23:15 San Joan sua, Pentagrama soinu-elkartearen eskutik.

24:00 Kontzertua: UTT (70eko eta 80ko hamarkadetako euskal musika).

Ekainak 24, astelehena

11:00 Iron team (8-12 urtekoentzat).

12:00 Puzgarriak.

12:00 Meza + aurreskua.

12:30 El despiste fanfarrea, herritik.

13:00 Kopaua, Nagusien Etxean.

18:30 Sariak banatzea, karpan.

19:00 Blue Velvet Gospel singers.

20:30 Azken traka eta jaiak amaitzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).