“Bi aste barru Taiwanera joango gara eta oraindik ez gara oso kontziente” adierazi du Irene Benitok. “Lan handia egin dugu urte askoan eta hau da gure saria. Badira zortzi urte Kantikaren partaide naizela, eta ez dut inoiz ikusi abesbatza hain motibatuta eta gogotsu. Gutxi falta da bidaia egiteko eta azken entsegu, xehetasun eta kontzertuetarako unea heldu da. Gogotsu hartu dugu konpromisoa eta halako aukera izatea ohorea da guretzat”.
Taiwanera 11 urtetik 20 urtera bitarteko 45 abeslari joango dira. Azaldu dutenez, hainbat garaitako eta estilotako musika-programa eskainiko dute, eta bereziki Basque Soul pieza nabarmendu dute, euskal egileen errepertorio koralaren aukeraketa dena. Era berean, taiwandar folkloreko Diu Diu Dang lana landu dute eta mandarinez abestuko dute kontzertuei amaiera emateko. Kontzertuez gainera, bi master class eskainiko dituzte.
Leioa Kantika Koralak 2000. urtean sortu zen eta handik hona hainbat lehiaketan eta jaialditan hartu du parte. Europan ez ezik, Hego Korean, Txinan, Israelen eta Mexikon ere aritu da, eta iaz Estatuko ordezkari bakarra izan zen Istanbuleko Musika Koraleko Munduko Sinposioan.