Bi bonu-mota egongo dira: batek 5 euroko prezioa izango du, baina 10 euroko erosketa-balioa; besteak 15 euroko prezioa izango du, baina 25 euroko balioa. “Aldea udalak hartuko du bere gain”, adierazi dute prentsa-ohar batean. Bonuak abenduaren 8ra arte egongo dira eskuragarri, eta herriko 25 merkataritza- eta ostalaritza-establezimendutan erabili ahalko dira. Establezimendu horiek identifikazio-pegatina bat edukiko dute, herritarrek errazago identifikatu ditzaten.
Naia Landa Sondikako alkateak herritarrak animatu ditu kanpainan parte hartzera. Azpimarratu duenez, “ekimen honetan parte hartzea da herria egitea, gure aztarna Sondikan uztea eta gure kaleei bizitza ematen dieten dendak sendotzea; gure jendeari laguntzea”. Merkataritza txikia babesteko eta hurbileko kontsumoa sustatzeko, Sondikako Udalak bultzatutako ekintzen baitan dago kanpaina. “Horrela, tokiko ekonomia eta herritarren ongizatea sendotzen dira”.