Sondikak 7,2 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 20a, 10:43

Sondikako Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, 7.221.318 euroko aurrekontua onartu du 2025erako; % 4 gehiago, aurtengoarekin alderatuta. Esandakoaren arabera, EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman dute, eta EH Bildu abstenitu egin da. “Kontuek gobernu-taldearen konpromisoa islatzen dute, herritarrentzako zerbitzu publikoak hobetzeko, irisgarritasuna bultzatzeko eta ekimen berriak sustatzeko”, adierazi dute prentsa-oharrean.

Azaldu duten moduan, udal-aurrekontuak osatzeko negoziazio-prozesuan, “PSE-EEk 16.000 euroko bi zuzenketa aurkeztu ditu, eta gobernu-taldeak biak onartu, eta aurrekontuetan sartu ditu. Bestalde, EH Bilduk aurkeztutako 11 zuzenketatatik bost onartu dira, 21.500 eurokoak”. Aurrekontua onartuta, “Sondikak baikor egiten dio 2025ari aurre, bizilagunen ongizatea lehenetsiz, proiektu garrantzitsuetarako baliabideak bermatuz eta udalerri inklusibo eta modernoagoarekiko konpromisoa sendotuz. Gazteen, kulturaren, kirolaren, merkataritzaren eta tokiko ostalaritzaren aldeko apustua egiten duten kontuak ere dira”.

Azaldu moduan, aurrekontuei esker gauzatuko dira hurrengo proiektu estrategikoak: gimnasioko makinak berriztatzea eta kiroldegian hobekuntzak egitea; udaletxeko irisgarritasuna hobetzea; ibilbide naturalak berreskuratzea; Gazte Batzordea sortzea, gazteen parte-hartzea sustatzeko; alokairurako laguntzak eta Gorondabeko gimnasiorako diru-laguntzak; eskolan patio inklusiboa ipintzeko proiektua idaztea; umeentzako parkeak berriztatzea; adinekoentzako irakurketa-gunea sortzea; eta herritarrentzako arreta-zerbitzuak herriaren erdigunera hurbiltzea. Beste alde batetik, “Berdintasuneko diru-partida bikoiztu da, Emakumeen Kontseilurako baliabideak bermatuz eta genero-politika berriak diseinatuz”. Halaber, “Kulturan, tokiko elkarteei laguntzeko diru-partida nabarmen handitu da, baita ikuskizun eta kultura-jarduera gehiago antolatzeko diru-partida ere”.

Naia Landa Sondikako alkatearen esanetan, “aurrekontu honekin Sondikako bizi-kalitatea hobetzen jarraitu nahi dugu, irisgarritasunean, jasangarritasunean eta kohesio sozialean aurrera eginez. Aurreikusitako inbertsioek erantzuna ematen diete herritarren eskaerei, eta lagunduko digute udalerri adeitsuago eta hartzaileago baterantz aurrera egiten”.