Zaborren bilketa-tasa justuagoa izateko asmoa du Sondikako Udalak

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 3a, 10:46

Aitu! Udal-aldizkarian argitaratu dutenez, Sondikako Udalak aurten bere horretan utziko ditu bere eskumeneko udal-tasak, eta, hortaz, ez da igoerarik egongo. Salbuespena da zaborren bilketa-tasa, Europako araudi berrira egokituko da eta. Azaldu moduan, araudi europarrak jaso du zerbitzu autosufizientea izateko beharra, baina udalak harago joan nahi du 2026rako, eta tasa justuagoa izan dadin. Horrela, hura etxebizitza bakoitzeko bizilagun kopuruaren arabera egokitzeko asmoa du, edo enpresa, denda eta ostalaritza-establezimendu bakoitzaren dimentsioen arabera.

Beste alde batetik, udalak jakinarazi du eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eguneratuko dela, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko eta, hortaz, gazteei eta zailtasunak dituzten kolektiboei etxebizitza eskuratzea errazteko. Era berean, ekoizpen ekologikoko nekazariek eta abeltzainek % 80ko hobaria izango dute euren tasan, jarduera udal-interesekoa edo –onurakoa bada. Udal-aldizkarian esandakoaren arabera, onartutako neurrien helburua da “herritarren ongizatea eta ekonomia lokala babesten eta sustatzen jarraitzea”.