Azaldu moduan, indar-entrenamendurako elementuak berritu dituzte, hala nola halterak, kettlebellak, barra olinpiko bat, boxeo-zaku bat eta txaleko lastratuak. Kardio-ariketak egiteko makineria ere berritu da, esaterako eliptikak eta spinning-bizikletak. Era berean, markagailu berria ipini da kiroldegian. “Ekipamendu berriak material zaharkitua ordezkatu du, erabiltzaileen esperientzia hobetzeko eta kirol-jarduera modernoagoa eta seguruagoa sustatzeko”.
Makinak berritzeko diru-partida 2024ko aurrekontuen baitan egon da. Hala ere, aipatutakoaren arabera, udalak 2025eko aurrekontuetan ere aurreikusita dauka diru-partida bat, gimnasioaren materiala berritzen eta handitzen jarraitzeko. “Gure helburua da kirol-instalazio modernoak eskaintzea, herritarren beharrak betetzen dituztenak. Egindako hobekuntzak udal-gimnasioaren zerbitzuak hobetzen jarraitzeko lehen urratsa baino ez dira”, esan du Naia Landa Sondikako alkateak.