Eskola Bideak proiektua abian jarri nahi dute Sondikan

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 27a, 13:57

Sondikako Udalak jakinarazi duenez, lankidetzan dabiltza Gorondagane eskolarekin, udalerrian Eskola Bideak proiektua martxan jartzeko. Ekimenaren helburuak hauek dira: Lehen Hezkuntzako umeen segurtasuna eta autonomia hobetzea, egunero ikastetxera egiten dituzten joan-etorritan; eta ingurune atseginagoa eraikitzea, gazteen artean ohitura osasungarriak sustatuz eta udalerrian trafikoaren eragina murriztuz, bereziki eskola inguruan.

Lehenengo eta behin, inkesta egingo diete ikasleei, euren mugikortasuna eta autonomia nolakoa den aztertzeko. Ondoren, mapatze-saioak antolatuko dira, eta ikasleek ibilbide seguruetarako proposamenak diseinatuko dituzte, topaguneak identifikatuz eta posible diren arazoei irtenbideak emanez. Proposamenak martxan jarrita, ebaluazio berri bat egingo da emaitzak eta ekimenaren eragina neurtzeko. Udalak herritik kanpoko ikastetxeetan ikasten duten ikasleen familiak ere animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera, autobus-geltokietarako ibilbide seguruak lantzeko. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek idatzi dezakete iradokizunak@sondika.eus helbide elektronikora.

Azaldu moduan, egitasmoan herriko hainbat eragilek parte hartuko dute modu aktiboan eta bateratuan, ekimena behar bezala gauzatzeko: udala, eskolako zuzendaritza, gurasoen elkartea, kulturako teknikariak, Udaltzaingoa eta Solasgune enpresa. “Mugikortasun-programa bat baino askoz gehiago da Eskola Bideak. Gure ikasleek autonomia eta segurtasuna irabazteko aukera da, udalerri atseginagoa eta iraunkorragoa eraikitzen dugun bitartean”, nabarmendu du Naia Landa Sondikako alkateak.