Sondika zaporez beteko da datozen hilabeteetan

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 7a, 11:06

Herriko ostalaritza sustatzeko helburu duela, Sondika Pintxotan lehiaketaren edizio berria antolatu du Sondikako Udalak datozen hilabeteetarako. Lehiaketak berrikuntza du aurten, zeren, ohiko kategoriez gainera, pintxo begetarianoa ere egongo baita. Lehiaketan parte hartu nahi duten ostalaritza-establezimenduek otsailaren 14ra arte eman dezakete izena udalaren erregistro telematikoaren bidez edo udaletxean bertan.

Haragi-pintxoaren lehiaketa martxoaren 15ean izango da; arrain-pintxoarena, apirilaren 5ean; pintxo begetarianoaren txapelketa, maiatzaren 10ean; eta estilo libreko pintxoarena, ekainaren 14an. Establezimendu bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahalko du kategoria bakoitzera, eta lehiaketaren egunetan, 19:00etatik 22:30era, salduko ditu bi euroan. Pintxoek behar bezala identifikatuta egon beharko dute, lehiaketaren etiketarekin eta logoarekin. Era berean, herritarren eskura egon beharko dira bozkatzeko txartelak, hautestontziak eta lehiaketari lotutako publizitate-materiala. Herritarrek gutxienez lau pintxo dastatu beharko dituzte, eta ostalariek bakoitzari dagokion zigilua ipiniko diete txartelean. Ondoren, 30, 20 eta 10 puntu eman beharko dizkiete euren iritziz onenak diren hiru pintxoei. Izen-abizenak eta telefono-zenbakia idatzi, eta txartela postontzian sartu beharko dute. Herritarren iritziaz gainera, gastronomian adituak diren lagunen iritzia ere hartuko da kontuan, eta bakoitzaren iritziak azken balorazioaren % 50 balioko du.

Guztira bost sari emango dira: kategoria bakoitzeko pintxorik onenari saria, garaikurra izango dena; eta lehiaketan puntuaziorik handiena lortu duen pintxoari saria, txapela izango dena. Gainera, herriko jatetxe batean bi lagunek bazkaltzeko edo afaltzeko txartela zozketatuko da botoa eman duten herritarren artean, baita 30 euroko erosketa txartela ere. Naia Landa Sondikako alkateak lehiaketaren garrantzia azpimarratu du: “Gure ostalaritzari babesa ematen jarraitu nahi dugu, eta, aldi berean, sondikoztarrei zein bisitariei esperientzia gastronomiko paregabea eskaini nahi diegu”.