Inauterietako txapelketetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Sondikan

Aikor aldizkaria 2025eko otsailaren 11

Ohi moduan, Inauterietarako mozorro, karroza eta animazio txapelketak antolatu ditu Sondikako Inauteriak taldeak. Txapelketak martxoaren 8an izango dira, eta izena ematea egun horretako 12:00ak arte egongo da zabalik. Guztira 650 euro banatuko dituzte saritan.

Karrozarik onenak 200 euro jasoko ditu saritzat, eta bigarrenak, 100 euro; gainera, garaikurra emango diote hirugarren gelditzen denari. Animazio txapelketaren irabazleak 100 euro jasoko ditu, eta mozorroari dagokionez, hiru sari emango dituzte: 150 euro, mozorrorik onenarentzat; 100 euro, bigarrenarentzat; eta garaikurra, hirugarrenarentzat. Bestalde, tostada lehiaketa ere izango da eta sari bakarra emango da.

Izena emateko, hurrengo helbide honetara idatzi behar da: sondikakoinauteriak01@gmail.com Mezuan zehaztu behar dira taldearen izena, zein lehiaketan parte hartuko den, partaide-kopurua eta telefono-zenbaki bat. Irabazleak martxoaren 8an bertan jakinaraziko dira sari-banaketa ofizialean, 22:00etan. Nobedade moduan, irabazleek diru-txartelak jasoko dituzte herriko zenbait dendatan eta tabernatan gastatzeko.