Hondakin organikoen edukiontziak eta irekiera-sistema berritu ditu Sondikako Udalak

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 17a, 10:40

a: Sondikako Udala

Prentsa-ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Sondikako Udala hondakin organikoen edukiontziak ordezkatzen hasi da Txorierriko Mankomunitatearen bitartez, eta hemendik aurrera txartel elektronikoa beharko da edukiontzi berriak irekitzeko. “Aldaketa egin da hondakinen kudeaketa hobetzeko eta edukiontzien erabilera egokia bermatzeko, birziklapena erraztuz eta hondakin desegokien presentzia murriztuz”, adierazi dute.

Etxebizitza bakoitzeko txartel bat emango da. Txartelak udaletxean bertan hartu daitezke astelehenetik eguenera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta barikuetan, 09:00etatik 14:00etara. Txartela jasotzeko, NANa aurkeztu beharko da, eta datu hauek eman: izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

“Sistema berriak lagunduko digu hondakin organikoen kudeaketa hobetzen, eta birziklatzea eraginkorragoa eta eskuragarriagoa izango da guztiontzat. Aldaketa txikia da eguneroko ohituretan, baina eragin handia izango du ingurumenaren zaintzan”, esan du Naia Landa Sondikako alkateak, ekimenaren garrantzia azpimarratuz.