Gorondagane eskolako umeek erabaki dute barikuko gaia zein izango den: espazioa. Hortaz, Sondikako kaleak estralurtarrez, izarrez eta planetaz beteko dira goiz-goizetik. Herria espazio bihurtuko da, eta kalejirak eta musika egongo dira bertan.
Mozorro-, karroza- eta animazio-txapelketak zapatuan egingo dira, eta izena ematea egun horretako 12:00ak arte egongo da zabalik. Guztira 650 euro banatuko dituzte saritan. Karrozarik onenak 200 euro jasoko ditu saritzat, eta bigarrenak, 100 euro; gainera, garaikurra emango diote hirugarren gelditzen denari. Animazio txapelketaren irabazleak 100 euro jasoko ditu, eta mozorroari dagokionez, hiru sari emango dituzte: 150 euro, mozorrorik onenarentzat; 100 euro, bigarrenarentzat; eta garaikurra, hirugarrenarentzat. Bestalde, tostada lehiaketa ere izango da eta sari bakarra emango da.
Izena emateko, hurrengo helbide honetara idatzi behar da: sondikakoinauteriak01@gmail.. Mezuan zehaztu behar dira taldearen izena, zein lehiaketan parte hartuko den, partaide-kopurua eta telefono-zenbaki bat. Irabazleak martxoaren 8an bertan jakinaraziko dira sari-banaketa ofizialean, 21:45ean. Nobedade moduan, irabazleek diru-txartelak jasoko dituzte herriko zenbait dendatan eta tabernatan gastatzeko.
Esandako txapelketez gainera, umeentzako parkea eta kalejirak izango dira, eta eguerdian elkarretaratzea egingo da Martxoaren 8aren harira. Ohi moduan, herri-bazkaria egongo da, eta haren ostean umeen mozorro-desfilea, lehenago, eta nagusien mozorro-desfilea, geroago, izango dira. Azken hori Lekittoko Deabruek girotuko dute. Eta nola ez, eguna biribiltzeko, sardinaren hileta egingo da eta kontzertuak egongo dira. Sondikan, beraz, osagai guztiak egongo dira bi egunean Inauteriez, kolorez, lagunez eta giro ezin hobeaz gozatzeko.
Etxera itzultzeko laguntza-zerbitzua
Beste alde batetik, Sondikako Udalak jakinarazi duenez, etxera itzultzeko laguntza-zerbitzua eskainiko da barikutik zapatura eta zapatutik domekara, 01:00etatik 05:00etara. Zerbitzua doakoa izango da, eta izena eman beharko da horretarako atonduko den gunean, 23:00etatik 01:00etara. Gainera, barikuan zein zapatuan tren-zerbitzu bereziak egongo dira gauean. Azkenik, zenbait kale trafikorako itxiko direla ezagutzera eman du udalak. Horrela, Iturrikosolo kalea, 2. eta 4. etxeetako garaje-sarbideen artean, eta Lehendakari Agirre etorbidea, Mitxine eta Iturrikosolo arteko bidegurutzetik trenbidearen zubiraino, trafikorako itxita daude jadanik, eta martxoaren 12ra arte egongo dira itxita. Era berean, martxoaren 7tik 9ra itxita egongo dira Lehendakari Agirre etorbidea, Mitxine eta Iturrikosolo arteko bidegurutzea eta Iturrikosolo 2ko garajeko sarbidea.
Egitaraua
Martxoak 7, barikua
10:00 Txupinazoa eta jaiak hastea.
10:15 Eskolako kalejira.
17:30 Kalejira eskolatik txosnagunera, Sardinarekin, Sorginarekin eta buru-handiekin.
18:00 Xaibor disko-festa, umeentzat.
19:30 Txanpi-pote, txosnetan.
20:00 Taberna Ibiltaria.
23:00 Kontzertua: Moonshine Wagon.
01:00 Erromeria: Zirkinik Bez.
03:00 Dj-a.
Martxoak 8, zapatua
11:00 Umeen parkea.
12:00 Tostada-lehiaketa.
12:00 Kalejira Elaia txistu-taldearekin.
12:30 Jun Da Jo txaranga.
13:00 Dantza-poteoa, Gorantzaileak dantza-taldearekin.
13:00 Trikiti-poteoa, Auzokoa Herrikoi elkartearekin.
13:30 Martxoaren 8ko elkarretaratzea.
15:00 Herri-bazkaria.
16:00 Bingo musikatua eta “gazta-porra”.
17:00 Patxangoi elektrotxaranga.
18:00 Umeen mozorro-desfilea.
18:00 Kafea, Nagusien Etxean.
18:30 Musika eta dantza, Nagusien Etxean.
18:30 Kalejira Jun Da Jo txarangarekin.
19:00 Umeen mozorro-txapelketaren sariak banatzea.
19:30 Txokolatada.
20:30 Lekittoko Deabruak eta helduen mozorro-desfilea.
21:30 Sardinaren hileta.
21:45 Sariak banatzea: nagusien mozorro-, karroza-, animazio-, tostada- eta erakusleiho- txapelketak.
22:00 Izena taldea.
00:00 Kontzertua: Crim.
02:00 Erromeria: Oinutsik.