Sondikako Inauteriak elkarteak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako, asteburuko gertaerak gaitzesteko

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 12a, 13:04

Sondikako Inauteriak elkarteak elkarretaratzera deitu die herritarrei, asteburuan, Inauterien testuinguruan, izandako gertaerak gaitzesteko “eta Sondikako Inauterien benetako esentzia aldarrikatzeko, giro osasuntsua, segurua eta indarkeria gabekoa izan dadin”. Hitzordua gaur, martxoak 12, ipini dute, 19:00etan, Ikurrinaren Enparantzan.

Sondikako Inauteriak elkarteak gizarte-sareetan zabaldutako komunikatu baten bidez egin du asteburuan gertatutakoari buruzko balorazioa. “Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu Sondikako herritar guztiei, asteburu osoan gure kaleak kolorez eta alaitasunez betetzeagatik eta programatutako jarduera guztietan hain modu aktiboan parte hartzeagatik”. Elkartearen esanetan, oso giro ikusgarria egon da asteburuan izandako ekitaldi guztietan, eta mozorroen eta karrozen maila handiagoa da urterik urte. Era berean, eskerrak eman dizkie herriko merkatariei eta ostalariei, “proposatutako guztian parte hartzeagatik eta herria girotzen laguntzeagatik”.

Hala ere, azaldu dutenez, ezin dituzte asteburuan izandako beste gertakari batzuk alde batera utzi, “kezka, ezinegona eta gogaitasuna” ekartzen dietelako. Izan ere, barikuan lau neskek eraso matxista jaso zuten, eta zapatuan, gazte bat sastatu zuten, eta beste batek botila batekin ebagia egin zuen borroka batean. Era berean, kalte handiak izan ziren hiri-altzarietan eta botilak bota zituzten hainbat etxebizitzatara. “Gertakariek Sondikako Inauteriak muntatzen eta antolatzen eman ditugun ordu guztiek baino higadura handiagoa eragiten dute. Horregatik, gertatutakoa erabat gaitzetsi nahi dugu, eta berretsi nahi dugu edozein indarkeria-motarik gabeko jai-eremua nahi dugula. Ez dugu onartuko! Gure aldetik, desmuntatzea, biltzea eta atseden hartzea tokatzen da, balantzea egiteko, autokritika egiteko eta 2026ko Sondikako Inauteriak antolatzeko”.