Errenta-aitorpenari buruzko tailerra antolatu du Garrasiak

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 14a, 12:44

Pertsona Funtzionalak egitasmoaren baitan, Garrasia Sondikako talde feministak errenta-aitorpenari buruzko tailerra antolatu du maiatzaren 21erako. Tailerra Gaztelekuan izango da 19:00etan, eta bertan oinarrizko kontzeptuak landuko dituzte: errenta-aitorpena zer den, nola egiten den, zein eskubide dauden, zirriborroa irakurtzen jakitea eta zer aitortzen duen jakitea, esate baterako.

Gizarte-sareen bidez azaldu dutenez, historikoki diruaren kudeaketa gizonen esku egon da, eta hori “beste desberdintasun forma bat da”. Euren ustez, ezagutza ekonomikoa ere ahalduntze-bidea da eta horregatik antolatu dute tailerra. Mistoa izango da, hau da, emakumezkoek zein gizonek hartu ahalko dute parte, “uste dugulako ikaskuntza eta erantzukidetasun ekonomikoa partekatutako ardura izan behar direla. Baina beti bezala, ikuspegi feministatik eta komunitariotik egingo dugu”. Gainera, Euskaraldia baliatuz eta taldearen ohiko dinamikari jarraituta, euskaraz egingo da. “Ahalduntzea ere gure hizkuntzan egitea da, eta ahalik eta espazio gehienetan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzen dugu”.