Sondikan dena prest dute jaiez gozatzeko

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 16a, 13:22

Sondikoztarrak jaietan izango dira ekainaren 20tik 24ra bitartean. San Joan suaren inguruan batuko dira beste behin ere, eta, gainera, herritar guztiek disfrutatzeko moduko jai-egitarau oparoa izango dute. Besteak beste, txapelketak, ikuskizunak, kontzertuak eta jolasak antolatu dira adin-tarte guztietako sondikoztarrak asko dibertitu daitezen.

"Jaien helburua da jende guztiak disfrutatzea, eta horretarako, adin-tarte guztientzako ekin-tzak prestatu ditugu”, azaldu du Deñe Sarria kultura-zinegotziak. “Jai-egitaraua osatzeko orduan, herriko hainbat elkartek egindako proposamenak eta herritarrek egindako iradokizunak hartu ditugu kontuan”. Gainera, azpimarratu duenez, “herriko elkarteak itzelezko garrantzia dute gure jaietan, eta haien laguntzari esker ekintza asko antolatu ahal izan ditugu”. Hortaz, bost egunetan zehar ekintza-sorta zabala egongo da Sondikan, eta herritar guztiek izango dute zer gozatu.

Ohi moduan, Gorondagane eskolako gurasoen elkarteak umeentzako ekin-tzak antolatu ditu ekainaren 20ko bariku arratsalderako. Ondoren, 19:00etan, kuadrillak Lehendakari Agirre kaletik igoko dira San Joan landara, elektrotxaranga batek lagunduta. Naizen elkarteak txupina eta pregoia botako du, eta ondoren kuadrillentzako probak egingo dira. “Iaz oso harrera ona izan zuten kuadrillentzako ekintzek eta horregatik animatu gara aurten ere proposatzera”. Jaietako lehen eguna amaitzeko, “Hay poco rock and roll” bertsioen kontzertuan Extremoduro, Platero y Tú eta Marea taldearen kantak entzungai egongo dira, eta erromeria ere izango da Beranduegi taldeak girotuta.

Ekintzaz beteta etorriko da zapatua. “Pikeko harresia” igoeraz gainera, kalejira eta herri-kirolak egongo dira goizean. Era berean, umeentzako jolasak eta apar-jaia egingo dira. Sukalki eta mus txapelketen ostean, gimnasia erritmikoaren erakustaldia eta skate-tailerra izango dira. “Txorierriko Padel Txapelketaren finala, bestalde, San Joan jaietako egitarauaren baitan jokatuko da, eta arratsaldean neska dj bat izango dugu: Dj Blessive hain zuzen ere”. Tolinek ikuskizuna egingo du Jubilatuen Etxean, eta tortilla txapelketa egingo da landan. Horrezaz gainera, Gorondabeko kiroldegira hurbiltzen denak hirukoitzak bota ahalko ditu, eta zapatua biribiltzeko, musika egongo da Dj Vithyren eta Gora Herria erromeria-taldearen eskutik.

Domeka goizerako antolatu dira herri-lasterketa, kalejira, dantza-agerraldia eta motorren kontzentrazioa. “Aurreko urteko jaietan moduan, herri-bazkaria solidarioa egongo da Naizen elkartearen alde”. Bazkaria BISUBI sukaldarien fundazioak prestatuko du. Nolanahi ere, hura ez da izango domekako ekintza solidario bakarra. Izan ere, aurreko urteetan egin denez, igel-toka solidarioa egingo da arratsaldean eta batzen den dirua Ataxia de Friedrich gaixotasuna ikertzen laguntzera bideratuko da. Eingo taldeak arratsaldea girotuko du, eta eguna bukatzeko, karaokea egongo da.

SUA

Astelehenean, ekainak 23, beste behin ere San Joan sua piztuko dute izen bereko landan, baina hori baino lehen, umeentzako ekintzak egongo dira goizean eta arratsaldean. “Ekintzak herrira hurbilduko ditugu, eta arratsaldean pintxo-poteoa egingo da herriko tabernetatik. Gero, 22:00ak aldera, zuziak banatuko dira liburutegian eta guztiok elkarrekin kalejiran igoko gara San Joan landaraino sua piztera”. Zalantza barik, Sondikako jaietako ekintzarik esanguratsuenetakoa da, eta su inguruan herritar asko batzen dira eguzkiari indarra emateko eta zaharra erretzeko. Txingarrak amatatu berri, martitzenean meza eta erretiratuentzako kopaua egongo da. Era berean, hainbat txapelketaren sariak banatuko dira: Sondika Pintxotan, Balkoi Apainduak, Kuadrillak eta Emakume Kontseiluko Logotipo Lehiaketa. Chimberos taldearen musika-saioaren ondoren, azken traka botako da eta jaiak amaituko dira. Bukatzeko, aipatu beharra dago bariku gauean zein zapatu gauean etxera lagunduta itzultzeko zerbitzua egongo dela 01:30ean, 02:30ean eta 03:30ean. Eraso matxisten kontrako protokoloa ere izango da, eta erasorik ikusi edo jasanez gero, aipatutako zerbitzuko pertsonengana zein txosnetako arduradunengana joko ahalko da.

EGITARAUA

20, barikua

15:00-17:00 Puzgarriak, IGEren eskutik.

17:00-18:30 Diskofesta, IGEk antolatua.

19:00 Kuadrillen igoera elektrotxarangarekin.

19:45 Txupina eta pregoia, Naizen elkartearen eskutik.

20:00 Kuadrillentzako probak.

Ondoren, hot dog-ak banatzea.

22:30 “Hay poco rock and roll” bertsioen kontzertua: Extremoduro, Platero y Tú eta Marea.

Erromeria: Beranduegi taldea.

21, zapatua

09:30-10:15 “Pikeko harresia” IV. Igoeran izena ematea (CD Sondika taldearen txosnan).

10:00 Sukalki Txapelketan izena ematea (Hegalariak taldearen txosnan).

10:30 “Pikeko harresia” IV. Igoera Bizikletaz.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

11:00-13:00 Herri-kirolak: ikuskizuna eta umeentzako jolasak.

13:00 Apar-festa.

14:30 Sukalkia aurkeztea.

16:00 Mus Txapelketan izena ematea Hegalariak taldearen txosnan.

16:30 Mus Txapelketa.

17:00 Gimnasia erritmikoaren erakustaldia, CD Danaren eskutik.

18:00 Skate-tailerra, Txoriskaters elkarteak antolatua.

18:00 “Txorierriko gazteekin” III. Padel Txapelketaren finala.

18:00-19:30 Arrasti-pasa, Dj Blessivek girotuta.

18:00 Tolin, Jubilatuen Etxean.

18:30 Tortilla Txapelketan izena ematea (CD Sondika taldearen txosnan).

19:00 Hirukoak jaurtitzea, Gorondabeko kiroldegian, Txorierri Basket taldeak antolatua.

20:00 Tortillak aurkeztea.

22:00 Dj Vithy + Gora Herria erromeria-taldea + Dj Vithy.

22, domeka

10:00 Herri-lasterketan izena ematea.

10:30 Herri-lasterketa, Goiri plazan.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

12:30 Dantza-agerraldia, Gorantza- ileak dantza-taldeak antolatua.

13:30 Motorren kontzentrazioa, Mapache motozaleen elkartearen eskutik.

15:00 Herri-bazkari solidarioa.

16:00-18:00 Eingo taldea.

18:00 Igel-toka solidarioa, Hegalariak taldeak antolatua.

19:00-20:00 Karaokea.

23, astelehena

11:00 Iron Team.

12:00 Puzgarriak.

18:00 Kiki, Koko eta Moko pailazoak: Txondatatxondai dibertsio eta jai” dantzak, jokoa eta animazio-festa.

20:00-22:00 Fanfarrea eta pintxo-poteoa tabernetatik.

22:00 Zuziak banatzea liburutegian.

22:30 Kalejira: Akelarre antzerki ibiltaria.

23:15 San Joan sua, Pentagrama eta Gorantzaileak taldeen eskutik.

24:00 Kontzertua: Ia Bai taldea (70eko eta 80ko hamarkadetako musika). 

24, martitzena

12:00 Meza eta aurreskua.

12:30 Fanfarrea herritik.

13:30 Erretiratuentzako kopaua.

18:00 Sariak banatzea.

19:30 Chimberos taldea.

Azken traka eta jaiak amaitzea.