Joan den uztailaren 18an Sondikako Udalak jakinarazi zuen irailetik aurrera Artebe kiroldegiko ordutegia luzatuko duela lanegunetan: 9:30etatik 21:30ak arte egongo da martxan. Orain EH Bilduk salatu du datozen hilabetetan epe luzerako obrak hasiko direla instalazioetan, eta kiroldegiak hilabeteak emango dituela itxita; beraz, itxita egon arren, sondikoztarrek ordutegi luzapen hori ordaindu beharko dutela dio koalizioak sare sozialetan.
Hori dela eta, udal taldeak proposatu du obrak egin arte itxarotea ordutegia luzatzeko, argudiatu duenez “gehiago ordaintzea ez du zentzurik”. Hala adierazi zuten osoko bilkuran ere, non luzapenaren alde egon arren, abstentziora jo zuten arrazoi horrengatik: “Ez zaigu arduratsua iruditzen horrelako gastua onartzea, jakinda zerbitzua ezin izango dela behar bezala eskaini epe luzean”.
Gainera, orain dela 7 urte proposamen hura egin zutela eta EAJk ezezkoa eman ziola gogorarazi dute. Horregatik koalizioak dio ez dela une aproposena luzapena egiteko: “Zerbitzu publikoak bai, baina guztion dirua arduraz kudeatuta”.