Zerbitzu hau 2023ko martxoan jarri zuen martxan Udalak, eta ordutik Udalak 233 detektagailu instalatu ditu Sondikako 202 etxebizitzatan. “Gure adinekoak beren etxeetan seguru sentitzea nahi dugu. Zerbitzu hau euren ongizatearekin eta ondorio larriak izan ditzaketen arriskuen prebentzioarekin dugun konpromisoaren erakusgarri da. Instalatutako detektagailu bakoitza beraien lasaitasunerako eta babeserako inbertsioa da”, adierazi du Naia Landa alkateak.
Bisitatu egingo diren 30 etxebizitza bakoitzean dauden arriskuak aztertu egingo dira. Gainera, etxebizitzei krokis bat egingo zaie larrialdietan ebaluazioa errazteko, eta etxeko suteen aurrean autobabesteko eskuliburu bat emango zaie. Honez gain, segurtasuneko oinarrizko neurriak emango dira, hau da, sute baten aurrean nola jokatu.
Bestalde, jada ke-detektagailuak dituzten etxebizitzak aldizka ikuskatzen direla dio Udalak, eta behar izatekotan, “gailuen bateriak ordeztu, pantaila optikoetako zirrikituak garbitu edota gailuak testatu, funtzionatzen dutela egiaztatzeko”.
Etxebizitza hauetan, gainera, Udalak dio “elkarrizketa sozial egituratuak” egin direla, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonei “arreta emateko” eta zailtasun gehien dituztenen bizi-baldintzak “hobetzen saiatzeko”. Elkarrizketa hauei esker, informazioa bildu egiten da eta elkarrizketatutako pertsona bakoitzaren txostena egiten dela dio Udalak. Bertan, “hautemandako beharrak eta etxebizitza bakoitzean adierazitako beharrak eta hauen bilakaera” jasotzen dira, aurreko urteko informazioa barne, “banakako jarraipena errazteko”.
Bukatzeko, Udalak berriz ere azpimarratzen du zerbitzu hau doakoa dela onuradunentzat, eta Udalak hartu dituela bere gain detektagailuak instalatzeko eta mantentzeko gastua.