Sondikako Gorondagane Eskolak ordutegiaren egokitzapena proposatu du

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 5a

Sondikako Gorondagane Eskolak ordutegi egokitzapen proposamen bat burutu du Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Proposatu duen ordutegia goizeko 9:00etatik 12:30etara eta 14:30etatik 16:00etara da, hau da, arratsaldeko txandaren hasiera zein bukaera ordu erdi aurreratzea. Honekin, eskolak “haurren behar eta erritmo naturalekin bat egingo duen ordutegia ezarri” nahi du, “haien ongizate emozionala eta fisikoa sustatzeko”.

Proposamen hau bozkatu egingo da, eta bertan familiak eta klaustroak eman ahalko du botoa. Parte-hartze minimoa kolektibo bakoitzaren ⅔ izan beharko da, eta aldeko boto minimoa, erdia baino bat gehiago kolektibo bakoitzean. Bozketa datorren eguenean, abenduak 11, izango da, eta kolektibo bakoitzak bozkatzeko leku bat izango du: LHko eraikinean, liburutegian kokatuko da, eta HHko eraikinean, sarreran. Seme-alabak bi etapetan izatekotan, familiek HHko eraikinean emango dute botoa. Bi tarte izango dira bozkatzeko: goizean, 8:30etatik 13:00etara, eta arratsaldean, 14:00etatik 17:00etara.

Proposamenaren inguruko salaketa
Hala ere, proposamen honen inguruko protestak ere izan dira. Izan ere, jantokiko monitoreek salatzen dute ordutegiaren txikitze honek haien lan-baldintzen txartzea ekarriko duela, jardunaldia txikitzeak “soldataren murrizketa eta prekarietatearen handitzea” ekarriko lukeelako haientzat, “irakasleentzat ez bezala”.