Sondikako Udalak %4,3 handitu du aurrekontua 2026rako

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 9a

2026a hasierarekin batera, Sondikako Udalak 2026rako bere aurrekontua onartu du. Guztira 7.812.228 euroko aurrekontua izango du, hau da, %4,3 handitu dute. EAJren eta PSEren aldeko botoekin onartu dira aurrekontuak eta EH Bilduk aurka bozkatu du.

Udaletik nabarmendu dute aurrekontuaren %9 inbertsioetara bideratuko dutela, besteak beste, kirol instalazioak hobetzera, Gorondaganen rokodromoa egitera, auzoetako irisgarritasuna hobetzera eta gazteentzako eta auzo komunitateentzako laguntza berriak eskaintzera. Horrez gain, udalerria edertzeko, tokiko merkataritza bultzatzeko eta emakumeen eta gazteen parte-hartzea indartzeko sail berriak sartu dituzte: “Sondikak zainduago, irisgarriago eta parte-hartzaileago bat izateko helburuari eutsiz”.

"Aurrekontuek Sondikaren egungo beharrei erantzuten die. Bizi kalitate hobea lortzen lagunduko duten benetako proposamenak jasotzen ditu, azpiegiturak hobetzetik hasi eta herritarren parte-hartzea bultzatzeraino. Gainera, 2023ko maiatzean alkatetza hartu nuenean auzokideekin hartu genuen konpromisoa islatzen du. Sondika inklusiboagoa, eskuragarriagoa eta aktiboagoa eraikitzen jarraitzen dugu", azpimarratu du du Naia Landa Bilbao alkateak.

Apustu garbia

Sondikako Udaletik 2026rako nabarmendu dituzten jarduera nagusiak dira kiroldegian eta futbol zelaian hobekuntzak egitea, animalientzako espazio berri bat sortzea eta Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinen arteko irisgarritasuna hobetzea, baita Aresti, Sangurgoiti eta Sangroniz auzoetakoa ere. Gainera, Berreteaga aldeko saneamendua berritu nahi dute, Kultur Etxeko teilatua ordezkatu, bankuak eta paperontziak berritu eta Nagusien Etxeko sarrerako atea aldatu.

Bestalde, herritarrei laguntzeko helburuarekin, beste hainbat neurri hartu dituzte: 10.000 euro kirol bonuetarako, 12.000 euro Auzotaxi zerbitzuko erabiltzaileentzako eta 20.000 euro fatxadetan garbiketa, pintura edota muralismo lanak aurrera eramateko. 

Aurrekontuak sondikoztarren “parte-hartzearen eta dinamizazio sozial eta ekonomikoaren aldeko apustu garbia” dela diote udaletik. Sondikako Udalak “kudeaketa publiko arduratsuaren aldeko konpromisoa” berresten duela diote, "herritarren ongizatean eta udalerri bizigarriago, inklusiboago eta dinamikoago baten eraikuntzan oinarrituta”.