Sondikako Udalbatzak, joan de eguaztenean, urtarrilak 21, egindako osoko bilkuran, onartu zuen Alokabiderekin etxebizitza babestuak kudeatzeko lankidetza hitzarmena. Akordio horri esker, alokairu babestuko erregimeneko udal-etxebizitzak kudeatzeko sistema bat abian jarri ahal izango dute.
“Etxebizitza bat izateko eskubidea funtsezkoa da eta gizarte kohesiorako ezinbesteko elementua. Hitzarmen honekin, gure herritarren behar errealak erantzuteko beste urrats bat ematen dugu. Beste erakunde batzuekin elkarlanean jarraituko dugu etxebizitza bat eskuratzeko aukerak sustatzeko, batez ere gazteentzat eta kolektibo ahulenentzat, eta gure esku dauden aukera eta alternatiba guztiak aztertzen jarraituko dugu“, adierazi du Naia Landa alkateak.
Bost urteko iraupena
Hitzarmena sinatu aurretik, Sondikako Udalak etxebizitzak egokitzeko lanak egin ditu, “bizigarritasuna, ekipamendua eta erabilgarritasuna bermatzeko”. Bi udal etxebizitzak alokairu eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonentzat edo bizikidetza unitateentzat izango dira.
Etxebizitzen jabetza udalaren esku egongo da eta Alokabidek alokairu kontratuen kudeaketa egingo du. Gero, honek, etxebizitza bakoitzeko, aldizkako ordainketa ekonomikoa egingo dio udalari.
Hitzarmenak gutxienez bost urteko iraupena ezartzen du, luzatzeko aukerarekin, eta jarraipen batzorde bat eta koordinazio mekanismoak sortzea aurreikusten du.