Aldaketekin dator aurten ‘Sondika Pintxotan’ ekimena

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 13a

Bihar, martxoak 14, hasi eta maiatzera arte, Sondikako tabernak berriz ere lehiara itzuliko dira Sondika Pintxotan 2026 ekimenarekin. Aurten, aldaketa txiki batzuk egin dituzte aurreko urtearekin alderatuta.

Alde batetik, haragi, arrain eta barazki pintxoekin lehiatuko dute, estilo libreko pintxoa alde batera utzita. Bestalde, pintxoak 19:30etik 22:30era egongo dira eskuragarri. Aurreko urteetan bezala, musika talde banak girotuko du iluntzea jardunaldi bakoitzean.

Lehiaketak hiru jardunaldi izango ditu: martxoaren 14an (haragia), apirilaren 18an (arraina) eta maiatzaren 9an (begetarianoa). Pintxo guztiek 2 euroko prezioa izango dute. Hurrengokoak dira parte hartuko duten tabernak: Bar Miren eta Juantxu, Bar Amets, Gaztañaga Berria eta Sondikako Batzokia.

Kategoria bakoitzean pintxorik onena aukeratuko da eta taberna irabazleak garaikurra jasoko du. Horrez gain, kategoria guztiak batuta, puntuazio onena duen establezimenduak txapela irabaziko du. Pintxoen balorazioan parte hartzen duten herritarren artean bi sari zozketatuko dituzte: bazkari edo afari bat, Izarza jatetxean, bi lagunentzat, eta 30 euroko bonu bat atxikitako Sondikako establezimenduetan erabiltzeko.