Indarkeria matxistaren biktimentzako erantzun instituzionalerako protokoloa landu dute

Mikel Reina Barros 2026ko martxoaren 27a

Sondikako alderdi politiko guztiek, Emakumeen Kontseiluarekin eta Garrasia elkarte feministarekin batera, indarkeria matxista kasuetan instituzionalki zelan jardun adosteko protokolo berria landu dute.

Gidaliburuaren oinarria “biktimen erreparazio integralerako eskubidean dago” testuan oinarritu dute. Lau helburu nagusi dituzte: “Jarduketa esparru bateratu, arin eta eraginkor bat ezartzea; erantzun lehenetsia, arina eta eraginkorra bermatuko duten mekanismoak martxan jartzea; udaleko arduradun politiko eta teknikoentzat erreferentziazko tresna izatea; eta azkenik, herritarren pedagogia sustatzea eta ikuspegi feminista txertatzea”.

Protokolo berria “irekia” izango dela diote. Hau da, esperientziekin, beharrizan berriekin eta ikaskuntza kolektiboekin eboluzionatuko du. “Indarkeria matxista gizarteak, modu bateratu eta irmoan, ezabatu beharreko gaitz larrienetakoa da. Hori pairatzen dutenen alboan egon behar dugu eta, aho batez, herri bezala, gaitzetsi. Horregatik eta horretarako adostu dugu protokoloa”, adierazi du Naia Landa alkateak.