Lehenik eta behin, egungo egoeraren diagnostikoa osatuko dute. Hasierako lan horrek irudi osatua eskainiko dio udalari, epe luzerako plan bat egin ahal izateko. “Aurrera begirako plana, gainera, azken hiru urteetan Udalak dagoeneko egin dituen lanekin koherentea izan beharko da”.
Orain arte egindako hobekuntzen artean nabarmendu dituzte zenbait auzotan espaloiak baxuago egiteko egindako lanak, herrian zehar kokatutako barandak eta aldapen hobekuntzak. Horiekin batera, diote “bereziki garrantzitsua” dela informazio piktogramak jarri izana iaz, “oztopo sentsorialak eta kognitiboak barne hartzen dituelako, udalerriari gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko aukera emanda”.
Naia Landa alkatearen hitzetan, “udal gobernu honentzat hiri irisgarritasuna funtsezkoa da; pertsona guztien bizi kalitatea hobetzen du, eta horrek Sondika justuago eta kohesionatuago batera hurbiltzen gaitu, eta hori da gure helburua”.