Lehen aldiz, Aztarna taldeak Sondikako herri krosa antolatu du

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 12a

Sondikako Aztarna gazte taldeak lehen aldiz herri krosa antolatu du maiatzaren 31n. Izena emateko epea zabalik dago eta hilaren 17an amaituko da. Doako lasterketa da eta sariak banatuko dituzte.

Aztarna taldeak Sondika biziberritzeko bere helburuan herri krosa antolatu du lehen aldiz maiatzaren 31rako. Lau kategoria banatu dituzte. Haurrak (7-10 urte bitartekoak) 10:30ean aterako dira eta kilometro bateko ibilbidea osatuko dute. Nerabeak 11 eta 15 urte artekoak izango dira eta 2 kilometro egingo dituzte 11:00etatik aurrera. Azkenik, gazteak 16 eta 39 urte bitartekoak dira eta beteranoak 40 urtetik gorakoak. Hauek 12:00etan ekingo diote 7,5 kilometroko ibilbideari. Esteka honetan eman daiteke izena.

Aurreratu dutenez, parte hartzaile guztientzako saritxo bat egongo da dortsala itzultzerakoan. Horrez gain, hornidura puntuak jarriko dituzte eta kategoria bakoitzean sei saridun egongo dira: hiru neska eta hiru mutil. Azkenik, nabarmendu dute herri krosaren ostean, taloak eta musika egongo direla.