Bravok “oso pozik” jaso du albistea: “Proiektu profesionala da, duela hiru urte amaitu nuen gidoi masterra eta hainbat gauza egin ditut, baina EITBren eskutik lan egitea oso polita da ekoiztetxe profesional batekin egingo dudalako lan. Gero, gainera, plataforma guztietan jarriko dute entzungai”.
Hala ere, onartu du txip aldaketa bat egin behar izan zuela deialdira egokitzeko, batez ere ikus-entzunezkoekin eta musika munduarekin (Matxinada taldeko kidea da Bravo) egon delako lotuta. “Erronka bat izan da, baina musikarekin daukadan erlazio horregatik nahiko erraz atera zitzaidan. Pertsonalki, mundu guztiak entzun ahal izateak bai ematen didala bertigo puntu bat, baina gogoekin nago”.
Istorioa Txorierrin kokatzea ez da kasualitatea izan, kostunbrismoa eta bertokoaren aldeko apustua egitearen zale da da sondizkotarra. “Erosketak egin ostean, Derioko errepidetik itzultzen etorri zitzaidan ideia burura: zergatik ez kokatu Hirugarren Mundu Gerra bertan. Gure herria eta gure hizkuntza bereziki aldarrikatu behar dugula uste dut. Naturalena agian Bilbon kokatzea izango litzateke, baina nire errealitatera ekarri nahi nuen”.
Istorioa, Txorierrin
Bravok sortutako istorioa Txorierrin dago kokatuta: Mundu Gerra lehertu eta minutu gutxira, Ane autoz abiatu da, Txorierriko eskualdean barrena, aitonaren bila zahar etxe batean bakarrik geratu ez dadin. Irratiaren bidez heltzen zaizkion albiste zatikatuek eta kalean hedatzen ari den kaosak aurrera jarraitzea gero eta arriskutsuago bihurtuko dute. “Bidean, Anek hainbat erabaki hartu beharko ditu: nori lagundu, nori ez, eta zer prezio duen konfiantzak mundu kolapsatu batean. Ustekabeko desbideratze batek, ustezko ezagun bat autora igo eta gero, tranpa inprobisatu batera eramango du, eta bere helburua tupustez urrunduko da. Kanpoko munduak hondoratzen jarraitzen duen bitartean, Anek gerra propio eta bakarti bati aurre egin beharko dio bere oraina babesteko”.