Abuztuan amaituko dituzte Artebe kiroldegiko obrak, baina EH Bilduk “kudeaketa eskasa” salatu du

Mikel Reina Barros 2026ko ekainaren 4a

Sondikako Udalak maiatzean lizitatu ditu hezetasuna murrizteko eta erosotasuna hobetzeko lanak, 153.000 euroko inbertsioa eginez. EH Bildutik “oso larritzat” jo dute egoera honetara iritsi izana “gestio ezagatik eta arazoari garaiz ez heltzeagatik”.

Urtea beteko da udalak Artebe kiroldegiaren ordutegia luzatu zuela eta orain azpiegitura hobetzeko lanak lehenbailehen hasiko dira eta instalazioak itxita izatea eskatzen duten esku hartzeak abuztuan egitea dute helburua.

Guztira, 187.453,54 euro inbertitu ditu udalak Artebe kiroldegia hobetzeko. Izatez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako ikuskapenaren ostean, ur bero sanitarioaren sistema berritu eta kontrol-sistema berria instalatu zituen iaz, 34.453,54 eurogatik. Kiroldegi publikoen aldeko apustua egiten jarraituko duela nabarmendu dute.

“Kudeaketa eskasa”

Sondikako EH Bildutik, ordea, bestelako iritzia zabaldu dute. Azaldu dutenez, 2024an Osasun Sailak egindako ikuskapenaren ondoren “txostena negatiboa” izan zen, instalazioaren egoerak ez zituelako beharrezko baldintzak betetzen. “Udalak lehen luzapen bat lortu zuen, baina epe hori aurtengo martxoan amaitu zen. Gainera, martxoko bigarren txostenean, aurreko ikuskapenarekin alderatuta, kiroldegiaren baldintzek okerrera egin dutela jasotzen zen”.

EH Bilduren ustez, egoera hau “urteetako kudeaketa eskasaren ondorio zuzena” da: “Artebeko kiroldegia sondikoztarrentzat ezinbesteko azpiegitura da eta horregatik, oso larritzat jotzen dugu egoera honetara iritsi izana gestio ezagatik eta arazoari garaiz ez heltzeagatik”.