Naia Landa Bilbao izango da ostera ere EAJren alkategaia

Mikel Reina Barros 2026ko ekainaren 22a

EAJren Uri Batzarrak joan den eguenean, ekainak 18, bere babesa eman dio egungo alkateari, 2023an hasitako eraldatze proiektua garatzen jarraitzeko, “entzute aktiboan, herritarren parte-hartzean eta bizi kalitatearen hobekuntzan oinarrituta”.

Sondikako EAJk Naia Landa Bilbao hautatu du berriz alkategai gisa, hurrengo udal hauteskundeei begira. Alderdikideek egungo alkatearengan duten konfiantza berritu dute, “2023tik bultzatzen ari den etorkizuneko proiektuaren buru izaten jarraitzeko”. Landak “sondikoztarren beharrekin konprometitutako proiektu hurbil eta sendo baten buru izateko duen gaitasuna” aitortu ditu.

Izendapenaren ostean, Landak eskerrak eman eta herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berretsi du. "Ohore handia da nire konfiantza berriz jasotzea, maite dudan eta hazi naizen herriaren alde lanean jarraitzeko Duela hiru urte Sondika hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa eraikitzeko proiektu bati ekin genion. Urrats garrantzitsuak eman ditugu, baina oraindik proiektu asko daude garatzeko. Herritarrekin batera lanean jarraitu nahi dut aukera gehiago, ongizate gehiago eta guztiontzako bizi kalitate hobea izango duen Sondika bat eraikitzeko".

Hautagai jeltzaleak adierazi du hurrengo legegintzaldiak orain arte egindako lana sendotzeko eta zabaltzeko balio behar duela,” herritarrekiko hurbiltasuna udal jardunaren ezaugarri nagusitzat mantenduz”.