Joan den eguaztenean, uztailak 1, egindako Sondikako Udalaren osoko bilkuran onartu egin da, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko bozkekin, Gorondagane HLHIko eta Goronda Beko kiroldegiko estalkiak 388 modulu fotovoltaiko jartzeko lagatzeko proposamena. Modulu horiek duela sei hilabete eratutako TEK Sondika tokiko energia komunitatea martxan jartzeko erabiliko dira. Horrez gain, udalak energia-komunitatearekin bat egiteko hitzarmena ere onartu du.
Onartutako erabakiek “bultzada handia” emango diote udalarentzat estrategikoa den proiektuari. Aurreikuspenen arabera, obrak urte amaierarako amaituko dituzte, eta moduluak martxan jartzen direnean, energia komunitatera atxikita dauden pertsona eta establezimenduen urteko elektrizitate kontsumoaren %25 inguru asetuko dute. Gaur egun, 270 kide inguru ditu TEK Sondikak.
Naia Landa Sondikako alkateak esan du TEK Sondika tokiko energia komunitatea etorkizunari begirako “apustua” dela: “Proiektu honi esker, energia eredu jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraituko dugu, eta, aldi berean, sondikoztarrei argindarraren faktura murrizten lagunduko diegu, Sondikan bertan sortutako energia berriztagarriaren bidez”.
Eguzki-instalazio bi
Goronda Beko kiroldegian egingo den instalazioak 170 modulu fotovoltaiko izango ditu, gutxi gorabehera 787 metro koadroko azaleran banatuta, eta 90 kW-ko potentzia nominala izango du. Bestalde, Gorondagane HLHIko estalkian 218 modulu fotovoltaiko jarriko dira, 1.010 metro koadro inguruko azaleran, eta 100 kW-ko potentzia nominala izango dute.