Sangroniz Industrialdeko Enpresa Elkartearekin hitzarmena sinatu dute “espazioaren hobekuntza eta lehiakortasuna sustatzeko”

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 14a

Enpresa espazioan azpiegiturak, mugikortasuna eta irudia hobetzeko plan estrategikoaren lehen jarduketak gauzatzeko aukera emango du akordioak. Sondikako Udalak 100.000 euroko hasierako inbertsioa egin du poligonoa hobetzeko lanen lehen faseari ekiteko. 

Sondikako Udalak eta Sangroniz Industrialdeko Enpresa Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute udalerriko enpresa gune garrantzitsu horren mantentzea, kontserbazioa eta hobekuntza bultzatzeko. Aldi berean, horri esker, industrialdean kokatutako enpresentzat balio erantsia sortuko duten proiektuak ere sustatuko dira. 

Lehentasuna emango zaio industrialderako estrategikotzat jotzen diren zenbait jarduera gauzatzeari. Sondikako Udalak 100.000 euroko inbertsioa egingo du asfaltatzeko eta seinaleak egokitzeko, kamioientzako aparkalekuak hobetzeko eta industrialdeko zirkulazioaren noranzkoak optimizatzeko. 2026-2027 bitartean, proiektuan aurreikusitako 5 faseetako lehena gauzatuko da. 

Enpresarien Elkarteak, bere aldetik, poligonoko kartelak berrituko ditu eta Sangronizen kokatutako enpresak identifikatzeko seinale berriak jarriko ditu. Horrela, enpresaesparruaren barruan irudia, irisgarritasuna eta orientazioa hobetzen lagunduko du, 50.000 euro inguruko inbertsioari esker. 

Estibaliz Ordorica Sangroniz Industrialdeko Enpresa Elkarteko presidentearen hitzetan, erakundeak 25 enpresa ditu gaur egun elkartuta, baina industria arloko jarduera ekonomikoko lurzoruaren %50 baino gehiago ordezkatzen du, enpresa handiak eta txikiak zein jabeak inplikatzea lortu dutelako "Sangronizentzat eta Sondikarentzat hain estrategikoa den proiektu honetan".