Sondikako Udalak Aztarna Eguneko istilua gaitzetsi du

Mikel Reina Barros

Aztarna gazta taldeak lehen aldiz ospatu zuen zapatuan, irailak 26, Aztarna Eguna. Jai arrakastatsua izan zen, baina gauean istiluak eman ziren: “Sondikan ez ditugula erasoak eta jarrera oldarkorrak onartzen”.

Aztarna Egunean “giro bikaina” izan zen nagusi, baina gauean istiluak izan ziren. “Sondikan ez ditugu erasoak eta jarrera oldarkorrak onartzen inolaz ere. Horregatik, irmoki gaitzesten dut gaueko istilua”. Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ziren, eta udaletik gogoratu dute hauek laguntzeko daudela.

“Gure ondoan daude, behar dugunean guri babesa emateko, arazoei aurre egiteko eta guztion segurtasuna zaintzeko. Horregatik, errespetu osoz tratatu behar ditugu, beti. Arazoren bat ikusten badugu, ez gara istiluan sartu behar. Udaltzaingoari zein Ertzaintzari eskatu behar diogu laguntza, haien jarraibideak bete behar ditugu eta egoera arriskutsuetatik aldendu behar gara. Poliziak, eta ez beste inor, direlako egoera konplexuak profesionaltasunez kudeatzen adituak”.

Horregatik, herrian Aztarna taldeak egunean zehar sustatutako giroa eta herritarren nortasuna aldarrikatu dute: “Elkarren artean errespetatzen duen herria, jaiez elkarrekin gozatzen duen herria eta, behar denean, elkar zaintzen duen jendartea”.