Sondikako Tokiko Energia Komunitateak “interes handia” sortu du

Mikel Reina Barros

TEK Sondika tokiko energia komunitateak “interes handia” sortu du herrian. Hain zuzen ere, egindako informazio bilera “arrakastatsua” izan dela nabarmendu dute. Sondikako Kultur Etxean 40 lagun inguru elkartu ziren. 

Bertan, proiektuaren xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek. Bertaratutakoek “interes handia” erakutsi zuten ekimenarekiko eta galdera asko egin zituzten komunitatearen funtzionamenduari, atxikitzeko prozesuari eta proiektuaren ezaugarriei buruz. TEK Sondika elkarteko kide guztiak sondikoztarrak dira, eta beraiek arduratzen dira kudeaketaz. 

Hau da, komunitatearen kudeaketa ez da Sondikako Udalaren ardura izango, nahiz eta udalak proiektua babestu eta sustatu duen. “Udal Gobernuarentzat lehentasunezkoa da energia ekoizpen eta kontsumo jasangarria bultzatzea eta udalerriaren trantsizio energetikoan aurrera egitea”, azaldu dute.