Sondikako gazteek elurraz, kirolaz eta lagunarteko giroaz gozatzeko aukera izango dute Gabonetan. Udalak abenduaren 28tik 30era antolatutako eski irteerari esker, hiru eguneko egonaldia egingo dute Pirinioetan, Astun edo Candanchun, meteorologiaren arabera. Eskiatzeko baldintzarik ez balego, bidaia ez litzateke bertan behera geratuko, eta bestelako jarduerak egingo lirateke.
Irteera 2008 eta 2011 artean jaiotako gazteei zuzenduta dago, bi urteak barne. Gutxienez 25 parte hartzaile beharko dira, eta gehienez 35. Eskaera gehiago jasotzen badituzte, zozketa publikoa egingo dute, Sondikan erroldatutako gazteei lehentasuna emanda.
Abenduaren 28an, 16:30ean aterako dira Sondikatik eta 30ean 18:00ak inguru itzuli. Irteeraren prezioa 247 eurokoa da gazteko, eta hurrengo zerbitzuak hartuko ditu barne: bi eguneko forfaita, lau orduko eski-eskolak, bi egunetako pistetako otorduak, bi gau Hostal MP Canfrancen (gosaria eta afaria barne), bidaia asegurua, pistetako osasun laguntza, begiraleen laguntza eta autobus bidezko joan-etorria.
Horrez gain, eski-materiala alokatzeko aukera jarri dute, 37 euro gehigarriren truke. Bestalde, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten familia-unitateetako gazteek % 75eko hobaria izango dute kuotan, dagozkion baldintzak betez gero. Kasu horietan, prezioa 62 eurokoa izango da materialik alokatu gabe. Hobaria eskuratzeko, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da izena emateko unean.
Irteeran parte hartu nahi duten gazteek azaroaren 27ra arte eman beharko dute izena, bi egunak barne, udal liburutegian. Izen-ematea banaka edo gehienez hiru laguneko taldeetan egin ahal izango da, talde-kode baten bidez.
Behin-behineko zerrendak abenduaren 2an argitaratuko dituzte eta, 35 eskaera baino gehiago jasoz gero, zozketa publikoa abenduaren 9an egingo dute, 17:00etan, liburutegian. Sondikan erroldatutako gazteek lehentasuna izango dute plazak esleitzerakoan.
Zozketaren emaitzak eta behin betiko zerrendak abenduaren 15ean argitaratuko dituzte, liburutegian. Azkenik, plaza lortu dutenek abenduaren 16tik 18ra formalizatu beharko dute izen-ematea eta ordainketa, udal liburutegian, banku-txartelaren bidez.