Txoriak etxe faltan Txorierrin

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 20a, 18:30
Testua: Martin Mc Gragh
Noiz izan zen Txorierri eratzen duten mendietara egin zenuen azken txangoa? Ibili al zara inoiz bizikletan Larrabetzutik hasi eta Zamudioko Berreaga mendian bukatzen den mendilerrotik? Edota Derio eta Mungia arteko Artebakarra auzotik Lainomendira? Beharbada zuk ere antzeman dituzu toki hauetan ematen ari diren aldaketak, gogoetak egiten hasteko modukoak. Hemengo basoa desagertzen hasi da, arteak, haritzak, lizarrak, gaztainondoak etab. gero eta urriagoak dira. Californiako pinu eta eukaliptoak ez ditugu bisitari etorri berriak, baina martxa honetan bertokoen lekua eurek hartuko dute guztiz. Euskal Herriko baso propioa Bizkaiko hainbat eremutan hilzorian dago, Txorierrin lurperatzen hasi gara jada. Basoa lurperatzearena ez da metafora, jarraitu ezazue Zamudioko teknologi parkea gurutzatzen duen bidegorria, bere amaieran hasten den bidetik segi eta hobeto ulertuko nauzue. Udan, bost minututako tartean 8 kamioi erraldoi ikusi izan ditut pistatik gora kanpotik ekarritako lurrekin errekadun gune eder bat estaltzera. Bilboko ibai ertzeko lur kutsatuak, beste inork onartu ez dituenak, ere ekarri izan dituzte. Badut proposatzeko beste ibilalditxo bat. Igo zaitezte Artebakarra auzoko Clarisen konbentu ingurura. Mendi bat burusoil uztea zer den ondo ulertuko duzue. Artebakarra bazen Artebakoa da jada. Nahiago ditut pinu eta eukaliptoen kolore eta usainak lur marroi biluzia ikustea baino. Katagorri, txori, intsektu eta beste hainbeste bizidunek horretan ados daude, baina beraientzat askoz ere mingarriagoa da induskailu eta kamioiek egiten ari diren kaltea. Bertokoari ere haurtzaroko belardia, basoa edo erreka, errepide, etxe edo trenbide batez ordezkatzeak min eta tristura handia sortzen dio. Txikitan bere gerizpean babesten ginen zuhaitza mozten ikustea mingarria da oso. Noski, etxe berri bat eraiki nahi badugu lurzorua behar da, baina zentzuz jokatzea ezinbestekoa dugu. Herrian hogei etxebizitza zahar baditugu beste berrogeita hamar berri eraiki baino lehen erabilgarri utzi ditzagun lehenengoak. Ezin diogu lurrari etengabe eskatu eta ordainetan ezer ez eman. Hornitzaile eskuzabala da, bai, baina muga baterarte

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).