Heldu deutsagu Txorierrin be

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 27a, 11:52
Argazkiak: Aner Mentxaka
Martxoaren 22an Karrantzatik urten, eta atzo Txorierrira heldu zan Korrika. Euskararen aldeko lasterketa 18:00etan Erandio Goikoan sartu, eta handik Bilbora jo eban. Bilbotik Sondikara ordubete luzeko atzerapenagaz heldu zan —kalkuluen arabera, 22:00etan sartzekoa zan—, baina korrikalariek egindako ahaleginari esker, 35 minutu aurreratzea lortu zan. Euria barra-barra, eta Korrika tipi-tapa. Lekukoa eskurik esku pasatu zan Erandio Goikotik Larrabetzuraino, eta Txorierriko euskaltzale guztiek heldu egin eutsien Korrikari; heldu egin eutseen herriari, hitzari, alkarlanari, euskerari eta lekukoari. Ez eban inork huts egin. Ehunka korrikalari, giro itzela, festa handia, euriari beldurrik ez… Txorierrik euskerarekiko konpromisoa berretsi eban. “Oso pozik gagoz, sinistu ezinik oraindiño”, esan deuskue antolatzaileek, “Partehartze haundia izan da, eta partehartzaile guztiei eskerrak emon gura deutseguz. Orain guztiok Iruñera joan behar dogu domekan, euskarari heltzera”. Beleni eta Olgari omenaldia Aurtengo Korrikak euskal emakumea omendu dau, euskararen biziraupenean izan dauen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatzeko. Eta Txorierrin omenaldi txiki bat, baina bihotz-bihotzez antolatua, egin jaken AEK Txepetxa euskaltegiko Belen Ganari eta Olga Loroñori, urteetan euskeraren alde egindako beharra eskertzeko. Olgak 13 urte eta Belenek 40 urte daroez euskara irakasten, eta, horregaitik, lekukoa eroateko ohorea izan eben azken kilometroan. Belenek 40 urte horreetan ez dau inoiz korrika egin, beti antolatze lanetan ibili dalako, eta, beraz, ondo merezitako saria euki eban. Ganera, Edurne Brouard Korrikaren arduradun nagusiak esker onez lekuko txiki bat oparitu eutsan, Korrikaren izenean. Korrika apirilaren 1ean amaituko da Iruñean; hurrengo hitzordua urte bi barru izango dogu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).