Txorierriko musika-taldeek entseguak egiteko lokal

Aikor aldizkaria 2007ko api. 13a, 18:29

Argazkian: Las Furias, Larrabetzuko musika-taldea

Txorierriko Mankomunitatea musika entseatzeko lokala atontzen dabil Derioko Larrabarri baserrian. Lokala Derioko Udalak utzi du, eta 14 urtetik 29 urtera bitarteko gazteek erabili ahalko dute. Musika-taldeek entseguak egiteko lokala atontzeko ideiak Txorierriko Gazte Planean du sorburua. Institutuan eta Politeknikan lan-taldeak eta foroak antolatu zituzten, gazteen beharrak, kezkak eta eskariak ezagutzeko asmoz. Txorierriko gazteek egindako eskarien artean, musika entseatzeko lokala zegoen, eta Mankomunitateak gaia aztertu zuen. Horrela, musika-fitxa banandu zuten etxez etxe herri guztietan. Bertan hurrengo galderak egin zizkieten gazteei: zein instrumentua jotzen zuten, zeintzuk ziren musika arloan zituzten premiak eta, euren ustez, zelako jarrera izan behar zuen Mankomunitateak gai horretan. Etxean ezin dira entseguak egin, eta musika jotzen duten gazte gehienek lokala alokatu behar dute. Lokalen alokairua nahiko garestia da, eta Mankomunitateak arazo hori konpontzeko beharra ikusi du. Txorierriko Udalekin harremanetan jarri, eta lokalaren bat uzteko eskatu zien. Azkenean, Derioko Udalak Larrabarri baserriko soto bat utzi du, bertan lokala atontzeko. Lokalak 35 metro koadro ditu, eta gazteek doan erabili ahalko dute. Hala ere, fidantza bat ordaindu beharko da. Gaur egun beharrean dabiltza lokalean, eta horiek bukatu ostean, bateriaz, ahots-joko batez eta oin-mikrofono biz hornitzeko asmoa du Mankomunitateak. Atontze lanetan 30.000 euro baino gehiago jarriko dira. Beste alde batetik, arau batzuk ere ezarriko dira, lokalaren erabilera egokia izan dadin. Arauok aho batez onartuko dira, eta, zentzu horretan, gazte batzuek ekarpenak egin dituzte dagoeneko. Musika arloan gazteek dituzten beharrizanak asetzeaz gainera, lokalak Txorierriko gazteen arteko harremanak sendotzeko balio izango duela uste du Mankomunitateak. Era berean, denbora librea modu osasuntsuan betetzeko aukera izango dute. Nora jo Lokalean izena emateko epea laster zabalduko dute, eta hori erabiltzeko interesa dutenek hurrengo telefono hauetara dei dezakete: Txorierriko Mankomunitatea Telf: 94 454 03 50 (Esther) Txorierriko Gazte Bulegoa Telf: 94 453 67 98 (Inge; 9:00etatik 14:00etara) oij@e-txorierri.com Derioko Gazte Bulegoa Kiroldegi-liburutegia (Astearteetan, 16:00etatik 18:00etara) Larrabetzuko Gazte Bulegoa Telf: 94 455 82 71 (Astelehenetan, 16:00etatik 18:00etara) Lezamako Gazte Bulegoa Telf: 94 455 61 26 (Ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara) Loiuko Gazte Bulegoa Telf: 94 471 18 30 (Ostiraletan, 16:30etik 18:30era) Sondikako Gazte Bulegoa Telf: 94 453 67 98 (Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara) Zamudioko Gazte Bulegoa Telf: 94 452 24 49 (Asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara)