Alergiak euskal biztanleriaren %13arengan eragiten du

Aikor aldizkaria 2007ko api. 25a, 10:37

Eguraldi ona, egun luzeak… Udaberriak poztasun handia eta bizitasuna ekartzen dizkie lagun askori. Baina beste batzuentzat, berriz, benetako tormentua da, berarekin batera polena eta airean dauden beste partikula batzuk ere ekartzen ditu-eta. Begietan hazkura eta doministikuak, besteak beste, horren lekukoak dira. Gaixotasun alergikoen eraginak oso hazkunde handia izan du azken urteotan, eta Osasun Publiko eta Epidemietako aditu batzuek benetako epidemia isil bati buruz hitz egiten dute. Izan ere, min horiek euskal biztanleriaren %13 ingururengan eragiten dute. Horrezaz gainera, alergiak eragin handiagoa du gazteengan eta, hori kontuan hartzen bada, datozen urteotan gaixo-kopurua nabarmenki igo daiteke. Adituen ustez, airearen kutsadurak ere eragina izango du hazkunde horretan. Zer da alergia? Gure sistema inmunologikoak edozein substantzia arraroa arriskutsutzat jotzen duenean, erantzun konkretu bat izaten du, eta erantzun hori da alergia. Gorputzak hainbat mekanismo martxan jarri eta antigorputzak sortzen ditu, agente erasotzaileei aurre egiteko. Antigorputz kopurua gehiegizkoa denean, erreakzio alergikoa sortzen da. Errinitisa edota asma dituzten pertsonentzat udaberri gogorra izan zen joan den urtekoa, baina gramineo-polenari alergia diotenek oso udaberri gogorrari aurre egin beharko diote aurten. Alergologiako Espainiako Sozietateak egindako iragarpenaren arabera, aireko metro kubikoko 7.000 gramo polen izango dira apirilean, maiatzean eta ekainean; kontzentrazio bikoitza, iazko udaberrikoaren aldean. Hala ere, zaila da esatea zer-nolako udaberria edukiko duten Euskal Herriko alergiadunek, horiek batez ere belar-espeziei dietelako alergia, pinu-polenari eta urki-polenari esate baterako. Nola egin aurre Polenak sortutako alergiari aurre egiteko antihistaminikoak hartzea gomendatzen dute adituek. Hala ere, ez da komeni edozein prestakin hartzea, eta onena medikuari galdetzea da. Bigarren belaunaldiko antihistaminikoek, adibidez, ez dute ondorio lasaigarririk, eta loaren eraginez izaten diren istripuak ekidin ditzakete.