Erdizka Lauetan, dantzatzeko eta ondo pasatzeko bi

Aikor aldizkaria 2007ko api. 25a, 11:20
Testua eta argazkiak: Pospolin
Korrika kulturalaren atxakian, Zorrizketan Euskera Alkarteak antolatuta, Lezamako frontoian izan ziran “Erdizka Lauetan” taldeko lau musikariak eta dantza-maisua giroa berotzen, Korrika Txorierritik pasatzen zan egun berean. Gatxa da euren aurrean jesarrita eta geldi geratzea. Kanpoan euria zan, sarra-sarra, lotu barik, baina frontoi barruan musika eta mugimendua mara-mara. Korrikaren karabana gabeko 23:30etarako egoan aginduta. Bien bitartean, euskaltzaleen bihotzak bero-bero eta artega egon arren, astelehen euritsu baten, berandurarte itxaroten laguntzeko eta geroko karraderarako muskuluak berotzeko, plan ezin hobea prestatu eben euskera alkartekoek: afari aurreko koputxu modura edo afari-merienda arina legez edo, beste barik, indarrak barriztatzearren, Dañobeitia Janari Dendakoek kariñuagaz prestatutako bokataxuak, txakolina, ardaua, ura eta freskagarriak banatu ebezan antolatzaileek. Eta, 20:30etan puntu-puntuan hasita 22:30etara arte, lotu barik ekin eutsien, batzuk musika alaia eta erritmotsua joten, besteak mugitzen, izerditan, “Erdizka Lauetan” taldeko dantza-maisuaren aginduak eta esanak egiten. Ehun lagun baino gehiago pasatuko ziran frontoitik, zer zan ikusten gitxienez. Horreetatik hirurogeitik gora bai izango ziran dantzan ibili zirenak: hori, Lezama baterako eta esandako baldintza meteorologiko eta abarrak kontuan izanda, ez da gitxi. Ekitaldia amaitu zanean, Joseba dantza-maisuagaz egon ginan, bera fresko-fresko eta gu arnasestuka, eta euren ikuskizuna definitzeko eskatu geuntsenean, esaldi labur honeekaz definidu eban eta argi azaldu euren zeregina: - Edonork ikasi eta dantzatu ahal izateko aukera interesgarria eskaintzen dogu. - Eszenatokian: errepertorio luzea, aberatsa eta malgua daben esperientzia handiko 4 musikari. - Taldeko dantza-maisuak poliki-poliki pausoak irakasten deutsie dantzatzera animatzen diran guztiei. - Errepertorioan polkak, jigak, mazurkak, mutxikoak (jauziak), fandangoak, euskal dantza ezagunak... daukaguz. - Gure dantzak hain errazak direnez helduak eta haurrak be ikasi eta dantzatzeko kapaz izaten dira. - Erdizka Lauetan taldeak mota guztietako dantzak eskaintzen ditu: errazak, serioak, barregarriak, ikusgarriak... - Taldeak behar den guztia jartzen du: soinu-ekipoa, soinu-teknikaria, mikrofonoak, argiak... - 2006an leku askotan egin dogu gure ekitaldia, besteak beste, Zarautz, Maruri, Balmaseda, Barcelona, Laudio, Trapagaran, Murgia, Ermua, Arrigorriaga, Zamudio, San Ignacio, Orio, Ordizia, Zierbena, Ereño, Bilbo, Basauri, Derio, Leioa, Areatza, Berriz... - Taldearen helburua jendeak gugaz dantzatuz disfrutatzea da. Lezaman disfrutatu genduan bai eurekaz dantzatuz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).