Hiru hiztegi berri, Euskaltermen

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 15a, 10:31

Euskalterm Terminologia Banku Publikoan hiru hiztegi berri sartu dituzte: Elektrizitate Dendetako Hiztegia, Garraio eta Logistikaren Hiztegia eta Gorputz Hezkuntzako Hiztegia, hain zuzen ere. Elektrizitate Dendetako Hiztegiak alor horretako dendetan eta merkataritzako harremen inguruan sortzen den hizkuntza normalizatzen laguntzea du helburu. Termino-bilketa egiteko, elektrizitate-dendetako eta etxe komertzialetako katalogoak erabili dituzte materialtzat. Hiztegiak 150 termino ditu, eta sarrerak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez daude. Beste alde batetik, Garraio eta Logistikaren Hiztegian kontzeptu orokorrak zein garraio mota bakoitzeko hainbat termino berezi bildu dituzte. Horetarako, hurrengo garraio motak hartu dira kontuan: trenbideko garraioa, errepideko garraioa, aireko garraioa, itsasoko garraioa eta garraio intermodala. Hiztegian 250 termino kontsulta daitezke. Terminoak euskaraz definituta daude eta sarrerak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eman dira. Azkenik, Gorputz Hezkuntzako Hiztegiak 395 kontzeptu ditu, eta kontzeptu horietatik 72 definizio eskaintzen ditu. Era berean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilerrean eta Lanbide Heziketan erabilgarria da. Hiztegiak gimnastikako saioetan lantzeko terminologia jorratzen du nagusiki, eta hainbat atal hartzen ditu: giza anatomiaren funtsezko terminoak, giza fisiologiaren barruan oinarrizko trebetasun eta ahalmenak eta kirol-medikuntzarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak, besteak beste.