Txorierrik ere rock ‘n rola darama zainetan

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 17a, 17:25
Testua eta argazkiak: Jon Goikouria
Igor Ramos zamudioztarrak 21 urte ditu, eta Midnight Road rock taldeko baxua da. Ilustrazioa ikasten dabil Gasteizen, eta ikasketez gainera, Iturribide kaleko taberna batean lan egiten du asteburuetan. Rock eta heavy musika gogoko du. Gazteak kontzertua eskainiko du bere herriko jaietan, eta arro dago bertan jotzeaz. Zergatik Midnight Road Band eta ez Gauerdiko Errepideko Taldea edo Carretera de Media Noche? Hobeto geratzen delako. Besteek Stephen King-en nobela baten tradukzio txarra dirudite. Gainera, geure musika ingelesez abesten dugu, eta ez luke logikarik edukiko beste era batean izateak. Nola heldu zinen talde horretara? Bilborock-en zegoen iragarki baten bidez. Beste talde batean nengoen, eta papera bi hilabetean izan nuen gordeta etxean. Azkenik deitu nuen beste bat hartu zutela pentsatuz, eta bingo! Pixkanaka hasi nintzen taldean, gaur arte. Zerk edo nork bultzatu zaitu baxu mundura? Ni neuk eta nere buru gogorrak. 19 urterekin ez nekien ezer musikaz, baina talde handien diskak eta bideoak entzunez, buruan sartu zitzaidan baxua jotzea. Urte batean diru dezente aurreztu ondoren, baxu majo bat hartu nuen, nahiz eta nondik harrapatu jakin ez. Lagun batek asko lagundu zidan lehen pausoak ematen. Bilatzen zenuena aurkitu al duzu edo aurkitu al zaitu bilatzen zenuenak? Biak. Musikan hasi nintzenean, zerbait bilatzen nuen, baina ez negoen ziur zer zen. Rocka egin nahi nuen eta kito. Eta baxua jo nuen rocka egiteko erremintatzat. Geroago konturatu nintzen baxuarentzat eginda nagoela. Zer lortu nahi duzue musika mailan? Disko bat editatzea polita izango litzateke. Baina, aldi berean, leku handi bat jendez gainezka ikustea, eta zure musika entzutera doazela jakitea... hori da edozein musikarik amesten duena, nire ustez. Kontzerturik laster? Asko ez. Maiatzaren 26an Zamudion, eta ekainaren 2an Guadalajaran. Ekainean ere Kantabriatik egongo gara. Udan konfirmatzeke dauzkagu hainbat emanaldi, baina horiek behin – behinekoak dira. Zelan aterako da Zamudioko kontzertua? Oso ondo egon daiteke. Nire herrian izateaz gainera, jaietan jotzeak ikusle-kopuru handiagoa ziurtatzen digu hasten ari garen taldeei. Eta jaietan zure kontzertuetara inolaz ere joango ez zen jendea egon daiteke, bai plazan ,bai txosnetan. Horrela, baliteke zeure musika gogoko izatea, eta hurrengo batera zu ikustera joatea. Hortaz aparte, La Pulqueria-rekin joko dugu, eta oso gogoko dut egiten duten musika. Elkarrekin ezagutzea gustatuko litzaidake, eta haiekin tekila pare bat hartzea, kar, kar!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).