Urteko egun guztiak dira bidaia.
Bidaiak ez dira urteko egun guztietan.
Etorri da eguzki gozoa eta beragaz itsasoko ur gazia. Oporrak. Denporak aurrera!
Denporeagaz lotzen dogu bizitzea. Denporea segunduak, minutuak dira. Denporea geurean aroa be bada. Gaurko denporea, aro haizetsua?
Orain ez dago haizerik. Haizea hara eta hona dabil. Sasoien araberako olgetaldiak egiten ditu haizeak. Isil batzutan, zaratatsu besteetan.
Orain ez dago haizerik. Itzuliko da? Eroango dau?
Beharbada… ekarriko deustaz lapurtutako amesetak.
Itsasoa gora eta behera, ilargia eta eguzkia txandaka olgetari zeru aldakorrean. Arbolak jantzi eta biluztu egiten dira. Txorien kantak bizi dira batzutan, urruneko nota besteetan. Natura zaharra eta zuhurra da.
Baina haizeak laztandu zein bota egiten ditu sustrairik sakonenak daukezan arbola sendoak. Haizeak daroana gero ekarri dakar?
Haizea indartsua da bere ahultasunean.
Ez, orain ez dabil haizerik. Isilik dago.
Beste batzuk izan ziran geu baino lehenago. Danak galdu dira bidean, bidaian. Badoaz, bagatoz. Badatoz, bagoaz. Eta zer da, ba, bizitza? Amaieradun bidaia. Bidaia gogorra, bidaia ederra. Bidaia bidean nahastau eta lerrook udako bidaiarik aitatu barik garandu jataz.
Etorri da eguzki gozoa eta beragaz itsasoko ur gazia. Oporrak. Denporak aurrera!
Bidaiak ez dira urteko egun guztietan.
Urteko egun guztiak dira bidaia.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).