Zentzudunak

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 25a, 09:18

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez

Topiko asko daude ardoaren inguruan: ohitura desegokiak askotan, liburuek zabaldutako ideia eskasak edota interes komertziala ezkutatzen duten mezuak. Eta, batzuetan, egokia eta zentzuduna dena begi-bistatik galtzen dugu. Normalean entzuten diren hiru adibide jarriko dizkizuet: ardoaren tenperatura, uzta-urte onak eta ardoa edateko kopa egokia eta ideala. –“Ardo zuriak, sano hotz; beltzak, giro-tenperaturan”. Nongo tenperatura da hori, Groenlandiakoa ala Kanarieta-koa? Erabakia dagoen tenperatura edo upeltegiak gomendatutako tenperatura –botilan halakorik agertzen bada– kontuan izanik hartu beharko dugu. Gainera, ardoak berak edateko tenperatura jakin bat eskatzen du bere estrukturaren arabera. Ni, adibidez, ez naiz ardo zuriak oso hotz zerbitzatzearen aldekoa, indar aromatikoa galtzen dute eta. –“82. urtera oso urte ona izan zen”. Bai, baina non? Errioxan, Borgoinan, Napa Valleyen edo Argentinako Mendozan? Eta upeltegi guztietan? –“Koparik onena handia eta zabala da, horrela ardoa aireztatu egiten da eta”. Bai, oxigenoa zabalik dagoen ardoaren etsairik handiena izanda, oxigena dezagun! Kopak ardoaren arabera aukeratu behar dira. Horrela, ardoa gaztea bada, bizia eta aromatikoa, aho-zabala duen kopa egokia izan daiteke. Baina ardo zaharra bada, aho itxiagoa duen koparen alde egin beharko dugu, ardoak gaztaroan izandako usain freskoak babesten lagunduko digulako. Kritikoak eta zentzudunak bagara, gehiago gozatuko dugu. On egin!