‘Kao: Sumendiko sekretua’, Elhuyar Fundazioaren eskutik

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 4a, 16:17

Elhuyar Fundazioak ‘Kao: Sumendiko sekretua’ bideojokoaren euskarazko bertsioa kaleratu berri du. Hori ordenagailurako bideojokoa da eta 10 urtetik gorako gaztetxoei dago zuzenduta. Jatorrizko jokoa Tate multimedia enpresa poloniarrak egin du eta hainbat hizkuntzetara itzultzen ari da. Kao kangurua jokoaren protagonista da eta jokalariak hamar eremutan zehar lagundu beharko dio bere misioa betetzen. Bidaia luze baten ostean, Kao uhartean duen etxera bueltatu da atsedena hartzera, baina ezinezkoa izango zaio: bere lagun Tximista sumendi baten barruan erori da eta hor bizi diren labazko munstroak esnatu ditu. Munstro hauek uhartea suntsitzea erabaki dute eta biztanleak oso izututa daude. Kaok hurrengo misioa edukiko du: munstroak garaitzea uharteko xamanak emango dizkion argibideei jarraituz. Jokalariak ez du aspertzeko aukerarik izango, izan ere, errealitate birtualeko lasterketak, puzzleak osatu, motordun txalupetan ibili eta airean batailatu, besteak beste, egin beharko du hamar eremutan zehar. Horrezaz gainera, jokoan erabiltzen den 3Dko teknologiari esker ikus-entzunezko efektu izugarriak atzemango dira: palmeren mugimendua nabarituko da, Kaoren hanka-arrastoak ikusiko dira bidea egin ahala, eguneko eta gaueko zikloak bereiziko dira minutu tarte gutxitan... Jokoaren xehetasunak www.elhuyar.og/kao helbidean daude eta jokoa probatzeko aukera ere badago bertan.