Gure alde animalia atera

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 19a, 12:17

Bakoren bazterra: Iñaki Suarez, sumilierra

“Ukitzea, usaintzea, dastatzea, ez dira zentzumen estetikoak, aberetiarrak, baizik. Abere gaitezen” (R. Pérez de Ayala. La pata de la raposa). Egon lasai, lagunak, ez dut ezer ezmorala proposatu nahi; hausnarketa apal bat planteatu nahi dut. Udan gaude: sasoi honetan eguneroko errutinak, estresak eta bizipen eskizofrenikoak bazterrean edo bizikletaren aparkalekuan uzteko aukera dugu. Bizipen horiek gure erlazio sozialetan nagusi diren bi zentzumenetan oinarritzen dira: ikusmena eta entzumena. Sasoi honetan guretzako denbora gehiago dugunez, baita gozamenerako joera gehiago ere; beharbada, beste zentzumenak aktiba ditzakegu, nahiko herdoilduta eduki baititugu. Eta horiekin gure existentziaren alde aberetiarrak berreskuratzea. Edozein dela ihes egiteko aukeratu dugun tokia, itsasoko kresala usain dezakegu, edo Gaztelako “escobajoa” (garia eta lasto sikuaren usaina), baso umelaren edo asfaltoaren mineralak. Area ukituko dugu, edo harria, edo mineralak edo haitz karetsua… edo herri bakoitzaren zaporea dastatu, bere gastronomiaren bitartez. Eta hori guztia, aikorlagunak, ardoa bezalakoa da, ardoa ere bada. Horrela, goza gaitezen aukera horiekin guztiekin, negua izango baitugu arrazionaltasunarekin elkarrekin bizitzeko. On egin!