Landa-turismoaren gaineko ikastaroa <i>on-line</i>

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 24a, 13:29
Landa-turismoa gorantz doan jarduera da eta sektoreak, etorkizunari begira, erronka handiak izango ditu kudeaketa eta garapen-arloetan. Asmoz Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Finantza Ekonomia Sailak Turnet ikastaroa martxan jarri dute beharrizan horiek asetzeko asmoz. Inork ezin du ukatu landa-turismoa oso jarduera erakargarria izateaz gainera, aukera asko ematen dituela. Txorierrin ere horren adibide batzuk ditugu: Iabiti Aurrekoa, Zamudion; Arriortua, Derion; Matsa, Lezaman eta Miamendi, Larrabetzun. Turnet ikastaroa landa-turismoarekin zer ikusia duten enpresa eta negozioen kudeaketan dago espezializatuta eta on-line ematen dute. Ikastaroak partehartzaileei hainbat teknika eta ezagupen jakinaraztea du helburu, horiek euren negozioak modu lehiakorrean aurrera eraman ahal izateko. Horrela, enpresa-kudeaketak hartzen dituen esparru guztiak lantzen dira kurtsoan eta arlo komertziala eta ekonomiko-finantzieroa azpimarratzen dira bereziki. Era berean, landa-turismoaren proiektuei lotuta dauden aspektuak aztertzen dira eta jarduera horretako alde guztien arteko oreka bilatzen da: ingurune, eskaintzaile eta eskatzaileen arteko oreka, hain zuzen ere. Ikastaroa lagun hauei dago zuzenduta: - Kudeaketa, marketin eta finantza-arloetan euren ezagupenak handitu nahi dituzten eta landa-turismoan aritzen diren enpresariei. - Euren jarduera landa-eremura zabaldu nahi duten sektore turistikoko profesionalei. - Landa-turismoko proiektuak garatu nahi dituzten pertsonei. - Turismo edo enpresen kudeaketarekin zer ikusia duten ikasketak egiten dabiltzan eta arlo horretan espezializatu nahi duten ikasleei. - Landa-turismoko proiektuak kudeatzen dituzten elkarteei eta erakundeei (publikoak zein pribatuak). - Landa-turismoko ekimenak bultzatzen dituzten administrazio publikoei. Ikastaroa malgua eta interaktiboa da eta praktikotasunean oinarritutako metodologiari jarraitzen dio. Partehartzaileei klabe bana emango zaie eta horren bidez kurtsoaren orri interaktibora sartzeko aukera izango du. Bertan gai hauek kontsultatu ahal izango ditu: material gehigarria, tutoretzak, eztabaida-guneak, testak eta praktikak, besteak beste. Ikastaroak 1.000 € balio du eta 2007ko azaroaren 1etik 2008ko martxoaren 31ra bitartean izango da. Izena emateko epea zabalik dago. Informazio gehiago: http://turnet.asmoz.org/ eta turnet@asmoz.org.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).